Analisiak eta gaurkotasunarekiko begi zorrotzak protagonista izaten jarraituko dute lehen orduan. Goizeko 8etatik 10etara, Kale Gorrian magazinak ordu erdiko goizeko albistegi nagusia eskainiko dizu aurrerantzean, eguneko protagonisten hitzak goizean lehen ordutik jasotzeko indarra eginez. Ondotik, Euskal Herriko egoera politikoaren ezagutza sakona duten analistekin egunero falta duen erpinari begira jarriko gara 8:30ean eta jarraian egunkari bakoitzak egunari nola begiratzen dion aztertuko dugu, beti ere gure moduan (Café y Periódicos).

9:00etan azken orduko albisteak jaso ostean patxadaz hitz egiteko tartea hartuko dugu egunero, eremu politiko eta sozialeko pertsonekin elkarrizketa pausatuak garatuz. Aurten, gainera, bi atal berri gehituko ditugu Kale Gorriaren bigarren ordu honetara; batetik, prentsa idatzian iritzi-emaileek Madrildik Euskal Herriari buruz esaten dituztenei erreparatuko diogu eta bestetik, kirolak tarte berezia izango du. Gutxien entzuten diren ahotsek euren tarte zabala izaten jarraituko dute eta egunero euskal hiriburu batera joango gara gertueneko informazioa jasotzera.

Kultura musikala aberasten
Informazioarekin batera musika da Infozazpiren bigarren ardatza. Astero astero, nazioarteko eta Euskal Herriko berritasunak aurkeztuko dizkizugu musika tarteetan nola egileen beraien ahotan hala geure kazetarienetan, doinu eta artista ortzadarra batean. Horrela, norberaren gustu musikalak ase eta musika bide berriak ezagutzeko laguna izango duzu irratia. Abestien doinuari, maiz maiz, kronista multzo zabal baten ahotsak gehituko zaizkio, besteak beste, kultur hitzorduen berri eman, zientziaren bilakaera bizi, ingurugiroaz aritu, zinema estreinuak ezagutu edota gai sozialak aipatzeko (Talaiatik).

Gainera, musika irratsaio espezializatuak aurkituko ditu entzuleak gauetan: astelehenetan munduko musikak Andoni Tolosaren Hegoaldeko Ostatuan eta herrien borrokak eta musika Martxelo Alvarezek aurkezturiko Malembe saioan. Asteartetan jazz soul rock musika ekarriko du Akuik Gozakaizte saiora eta musika beltza eta elektronikoa Daddyjeffek Revolutionnary Grooves saiora. Asteazkenetan, rock doinuez betetako Rafa Cabezaren Bailara Ezkutuaren txanda izango da, ondotik punk eta oi doinuak ekarriko ditu Jon Ijurkok Kaleko Mobidara. Ostegunetan Aritz Usandizagaren Sound Systemekin musika beltza eta elektronikoaz gozatzeko aukera izango da, eta hamabost egunero, metal doinuez Iñaki Esnaolaren Burdinola saioan.

Info7.com: irratigintza berria
Zuzeneko emisioaz gain, info7.com atariak irratia teknologia berrietara dakar. Azken ordua uneoro entzuteko aukera duzu bertan – albiste buletinak sarean – eta zure saio gogokoenak nahi bezala entzuteko parada. Gainera, irratiaren podcast eskaintzara doan bazkidetuz, zure ordenagailu eta mp3 gailuetara Infozazpiren saioak automatikoki jaisteko aukera duzu.

Bertsolari txapelketa nagusia osorik zuzenean
Irratia entzuleengana hurbiltzea izango da programazio urte berrirako erronka berrietako bat, eta mikrofonoa herritarrei ematekoa. Zentzu horretan, apustu handia egin eta euskal kulturaren lau urtetik behingo hitzordu garrantzitsuenetako bat, Bertsolari Txapelketa Nagusia, zuzen zuzenean emango duen irrati bakarra izango da Infozazpi, urriaren 3an hasi eta abenduaren 13an BECen bururatu arte. Agin Rezola kazetariak bertsolaritzaren munduko protagonista ugariren partaidetza izango du horretan eta asteazkenero, saioek emandakoa eta emango dutena aztertzeko irratsaio berezia ere eskaino dute Bostetako Diligentzian, Besteak beste, saioaren soslaia, zirujaua, galdera gaiztoa eta erreportaia izango ditu ardatz irratsaio berezi horrek.