Hogei auzipetuak errugabetu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak. Gomez Bermudez buru izan duen epaimahaiaren arabera, ez da frogatu Udalbiltza ETAren proiektu bat denik edo harekin zerikusirik duenik. Areago, ETAren helburuekin bat etortzea ez dela delitu azpimarratu du epaimahaiak. Valcarcel epaileak boto partikularra eman du auzibidearen kostuak herri akusazioaren gain gera daitezen eskatuz.