Bergarako Idazle eskolako kide den, Yoseba Peñak irabazi du Zumaiako 24. edizioko Julene Azpeitia ipuin-sariketa.  Aitzakia hori baliatu dugu gaur Hitzen Lihora gonbidatzeko. Pantera elurretan ipuinarekin. Ipuin honek Tomas Ormaetxearen azken ordua xehatzen du, zehatz-mehatz urrezko ezteien ospakizunetan bihotzekoaren lehenengo sintometatik heriotzaraino. Hirurogeita hamar bat urteko enpresaria da, familia eta lantegia esku zorrotz artezten duena, patriarka garailea gure gizarteko parametroetan. Eta, halere, zenbait harik nahi baino estuago lotzen du. Narrazio honek katamalo dirdiratsuaren azpian ezkutatzen diren miseriak azaleratzen ditu.