Joan den ostiralean aurkeztu zen jende aurrean  Erromo Duin Kolektiboa. Lan- eta gizarte-eskubideen defentsa helburu duen kolektibo berriak Erromoko Greba Batzordean ibilitako hainbat lagunek sortu du. Haien aburuz, murrizketek, lan-erreformek edo etxe kaleratzeak bezalako erasoek greba egunak gainditzen dituen borroka iraunkorra behar-beharrezkoa egin du. Gaztelaniaz “Lucha o pierde” sinadura edukiko duen kolektibo berriko sortzaileek, beraz, auzo mailan epe luzeko borroka-plangintza osatzeko deia luzatu diote hiritar orori. Erromo Duinen jardueraren ardatza auzoa izango den arren, inguruko herrietan azken aldian sortzen ari diren antzeko kolektiboekin badute harremanik eta haiekin elkarlanean jarduteko asmoa agertu dute. Gaur egingo dute lehen bilera irekia, Erromoko Kultur Etxean arratsaldeko zazpietan.