10 urte igaro dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik eta 2 besterik ez absoluzioa eman zenetik, halere, Iñaki Uriak argiki adierazi duen moduan “gertaera bortitzak sutan txertatzen dituk hire haragi larrutan”. Duela hamarkada bat bizitutakoak ekarri ditu gogora Uriak eta “kalabozoetan Estatua aurrez aurre” izan zuela aitortu duen arren, berak bereari eusten diola nabarmendu nahi izan du, alegia, euskalgintzan eta euskarazko komunikabideetan lanean buru-belarri segitzen duela. Gaur egun, 11 Telebistako zuzendaria da.