Gaurko egunez, maiatzak 28, Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren harira, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko emakume taldeek protesta zaratsua egin dute Barakaldoko anbulategi aurrean “aldizkako azterketa ginekologikoak eta doakoak” aldarrikatzeko. Karmele Andres, Barakaldoko “Argitan” Aholkularitza Etxeko kideak esan duenaren arabera, “Osakidetzak aspaldi kendu zituen emakumeei aldizka egiten zizkien azterketa ginekologoak” eta horiek berreskuratu behar direla esan digu. Emakume taldeak kezkatuta daude, krisi garaiotan emakumeen osasuna are gehiago baztertzeko arriskua dagoelako eta horren aurrean, prebentzioak duen garrantzia nabarmendu dute. Zentzu horretan, hainbat datu eman dituzte. Besteak beste, bularreko minbizia goiz detektatzearen garrantzia aipatu dute, antzemate goiztiar horri esker kasuan %80 inguru sendatzen delako.