Hamazazpi urteko borrokaren ostean oraindik isekak, erasoak eta plastiko beltzak jasan behar dituzte Hondarribiko Jaizkibel konpainiako lagunek euren herrian. Aldarrikatzen dutena berriz, emakumeek gizonen pare desfilatu ahal izatea alardean. Hasierako urteak zein azken urteetako bilakaera aztertu ditugu Jaizkibel konpainiako lau lagunekin: Elixabet Olaskoaga, Garikoitz Lekuona, Libe Garmendia eta Ilargi Bengoetxea. Udalari umezurtz uztea leporatzen diote, Jaurlaritzari berriz ausardia eskatzen diote eta beste zenbait instituzioen jarrera txalotzen dute. Argi dute abiatu duten prozesuak ez duela atzera bueltarik eta alarde bakarra eta parekidea izango dutela baina garesti ordaindu izana ez dute ezkutatzen: “imajina dezakezun biolentzia guztia bizitu dugu guk, zorionez ez da hildakorik izan” diote.