BILAKETAK

Bertsozaleen elkarteak antolatuta 17. bertso udalekuak ari dira egiten Euskal Herriko puntu ezberdinetan. Guk Oriora jo dugu, une hauetan han baitira. Arratek kontatu digunez, “bertsoa aitzakiatzat hartuta, ongi pasatzea da helburua”. Gainera, beraien bertuteak erakutsi eta bertsoa bota digute!!

Karelera gonbidatu ditugu hausnarketa eta solasaldira Ariane Kamio eta Leire Palacios. UEUk egindako Generoaren tratamendua kazetaritzan. Lanerako tresnak eta estrategia ikastaroa oinarri hartuta, horretaz hausnartu dute. Bestetik, udalekuetako begirale bat umeei euskaraz egitea eskatzeagatik kaleratua izan dela eta, gainetik bada ere, beraien iritzia eman dute.

Kalegorrian aritzen den Jon Mikel Fernandezek, urteak Euskal Herritik kanpo igaro eta etxera itzultzen hasi diren iheslarien gaiarekin egin du erreportaia. Testuinguru politiko berriari ekarpena egin dio iheslarien kolektiboak, modu mailakatuan sorterrira itzuliz. Askorentzat berezia zalantzarik gabe, urte askoren ondoren, beraien herri eta auzoko festez gozatu ahal izango dutelako.

Beste urtebetez Tourra Pirinioetan dela baliatuz, ESAITek 14. aldarrikapen martxan egin du Saint Gaudensen hasi eta Saint Lary pla d´Adeten amaitu dena. “Aukera paregabea da giro onean euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko” aitortu du Martxel Toledok. Atzokoan gendarmeek karpan alkoholdun edariak saltzea debekatu ziela kontatu digu. Halaber, beste urteetan baino jende gutxiago dagoela eta, zer hausnartu badela uste du Toledok.

Baionako gazte asanbladako kide Ieltxu Ostolazak guztia prest dutela bestetan murgiltzeko adierazi du. Lapurdiko hiriburuko ereduari aurre egin eta besta eremu herrikoi, euskaldun eta parekidea martxan jarriko dute beste behin. Antolatu dituzten ekitaldien berri eman digu.

Bateragune auziko abokatuak salatu du epaia ez dietela helarazi, eta beste behin medioen bidez jakin dutela dakitenaren apurra. “Narvaez epaileak hiru ordutan helegitea aztertu, iritzia eman eta arrazonamendu juridikoak eman ditu. Aurretik jakinaren gainean ez bazegoen, hori ezinezkoa da” ohartarazi du abokatuak. Justizia trantsizionala aldarrikatu du Goirizelaiak. Hurrengo urratsa Estrasburgon helegitea jartzea izango dela kontatu digu. “Zigortuek animo eta aurrera! esan didate” esan du Goirizelaiak atzo Arnaldorekin hitz egin ondoren.

Ezetz asmatu zein den Angel Oiarbidek KARELEAN saiorako aukeratutako abestia?

Solasaldiarako eta hausnarketarako gonbidatuak gaurkoan Mikel Garcia eta Olatz Dañobeitia izan ditugu. Kontsumo ohiturez eta orohar kontsumismoaz jardun dute.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »