Joseba Aurkenerena irakasle eta idazleak inauterien jatorriaz eta esanahiaz hitz egin digu. “Besta solstiziala da, bere baitan magia du” kontatu digu. Aurkenerenak adierazi digunez, “lehen gizakia amalurrak bere zikloak zituela ohartu zenean, egindako galderei erantzuteko sortu ziren inauterietako pertsonaiak”. Europa zaharrean ere joaldunen antzeko pertsonaiak daude, Aurkenerenak uste du “balitekeela euskal gizaki zaharra Europara zabaldu zeneko ohiturak izatea”. Euskal inauteriak, ihote edota aratusteak osasuntsu daudela adierazi digu. Are gehiago, inauteriak euskara eta euskal kultura gainbehera dagoen eremutan hazten ari dira, eta horrek gure nortasunaren finkatzea dakarrela adierazi du Joseba Aurkenerenak.