Bizitza osoa lanean eman eta, hala ere, pentsio propiorik ez duten emakumeak gehiengoa dira gure herrian. 70 urte eta hortik gora dituzten emakumeez ari gara, jubilatuak dira baina etxean edo ezkutuko ekonomian lan egiteagatik pentsio propiorik ez edota 500 eurotara iristen ez den pentsioarekin bizi dira. Askok gainera, seme-alaben sostengu eta biloben zaintzaile izaten jarraitzen dute. “Ama onak izan behar dugu, eta noiz gu?”, “Bizi itxaropen handiagoa bai baina nolako osasuna?”, horiek, besteak beste, Duintasuna plataformako Aranxa Corralesek eta Gurutze Etxeberriak bota dizkiguten galderak. Emakume pentsiodunen eta alargunen errealitatera gerturatu gara.