Lehenik eta behin, Arraio irratiko lagunek Libe Laskuriani egindako elkarrizketari esker, Korrikaren 19. edizioak Urola-Kostan izango duen presentziaren berri izan dugu. Ondoren, Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Idoia Trenorrekin azken ‘Bilgune Kontari’-n landutako kontuen errepasoa egin dugu. Eguneko adierazpenen tartera, zumaiarrek euskara bizitzeko duten moduaren inguruko hitzak ekarri ditugu. Elkarrizketa Maider Iriarteri egin diogu, Nepalen egin duen egonaldiaz eta Bakea eta duintasuna Gobernuz Kanpko Erakundearen barnean egindako lanaz. Euskal antzerkigintzari zabaltzen diogun tartean, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Itziar Eliasek Iduzkilore konpainiaren ‘Hazparneko anderea’ obra nabarmendu digu. Amaitzeko, Bilbo Hiria irratiko Mieltxo Monfortek Deustuko jai batzordeko Leire Arroyorekin izandako solasaldia ekarri dugu.