BILAKETAK

Albistegiak

RSS-Podcast

aa

Aralar eta Bilduk Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa erregistratu dute Nafarroako parlamentuan. Juan Carlos Longas aurkeztu dute hautagai moduan. UPNren gobernua indargabetua dagoelako, ustelkeriak goia jo duelako eta batez ere herriak hala eskatzen duelako aurkeztu dute zentsura mozioa Maiorga Ramirezek kontatu digunez. PSNk ez du bat egingo eta kalkulu elektoralak egitea leporatu dio Bilduko parlamentariak. Azken egunetako inputazioak ezagututa egoera surealista dela esan du Ramirezek.

Gaur giro petrala. Hodei konkorrak etorriko zaizkigu iparraldetik, noiznahi euri zaparradak botaz. Tarteka txingorra ere egin lezake, eta mendi puntak zurituko dira; izan ere, tenperaturak beherantz egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea bizi samar ibiliko da, eta hala, ez da giro goxoa egongo ipar partean. Borraska muturra penintsulan kiribildurik, negu giroan edukiko gaitu.
Bihar iparraldeko erauntsi horrek jarraitu arren, arratsaldean haizea baretzen hasiko da eta giroaren petralkeria apur bat arinduko da. Borraska muturra aldentzen hasi, eta horrek nolabaiteko hobekuntza ekarriko digu, baina artean kaskar samar jarraituko du.

Xabier Lopez Peñaren heriotzak samina eta haserrea piztu du euskal jendarteko sektore zabalean. Parisen dira preso politiko ohiaren senideak, eta gaur izan dute gorpua ikusteko aukera. Bertan, senideekin da Bilduko Maribi Ugarteburu, harekin solasteko aukera izan dugu. Gertatutakoa onartezina dela salatu du, urgentziazko egoera batean gaudela eta ankerra izan dela auzi honetan zehar familiak jasan behar izan duen tratua. Euskal gatazkaren konponbidearen eskaria kalera atera behar dela esan du Ugarteburuk.

Gaur goi geruzetako ezegonkortasuna areagotuz, euri giroa Euskal Herri osoan. Euria barra-barra etengabe kostaldean eta barnealdean ere zaparrada ugari. Haizea nora ezean aldakor eta leun, ipar ukituarekin. Tenperatura maximoak zertxobait irabaziko du. Ez hotzik ez haizerik, baina giro goibel eta bustia leku guztietan. Petralkeriarik ez, baina udaberri usain bustia.
Bihar lainoak arrastaka ibiliko dira egunsentian euri lardatsa botaz. Halere, segituan hasiko dira laino horiek saretzen eta ateri mantenduko da egunean zehar. Arratsaldean ostarteak nagusitu eta itxura polita hartuko du. Haizeak ekialdetik joko du hego ukituarekin, tenperaturari gorantz eraginaz.

Gaur ildo beretik jarraituko du, hego haize epelarekin. Halere, hodeitsuago, eta hegoaldean agian tantaren batzuk botako ditu arratsaldean. Beraz, barnealdean goibelago eta euri mehatxua, baina kostaldean giro atsegina, haizea apur bat bizi ibili arren. Iluntze-gauean, baina, hor ere ekaitz tankerako zaparradatxoren batzuk lehertuko dira. Tenperatura aldaketarik ez.
Bihar eguraldi lasai eta atsegina. Haizeak hego-mendebaldetik joko du, oso suabe, epeltasunari eutsiz. Hodei bakanak zeru sabaian eta euri kontu larririk ez. Euskal Herri osorako eguraldi polita bermatuta. Haizea baretu eta eguzkia bistan, ez da panorama txarra.

Gorka Elejabarrieta Sorturen nazioarteko harremanetarako kidea Kurdistanen dago. Gaur bertan Newroz egunarekin Amed hirian egin den ekitaldian Abduhal Ocalan PKK-ko buruzagi espetxeratuaren eskutitza irakurri dute. Bertan borroka armatuaren amaiera iragarri eta borroka berri baten hasiera iragarri du. Milioi bat herritar izan dira ekitaldi horretan eta Elejabarrietak iragarpenaren ondoren herritarren jarrera azaltzeaz gain, Ocalanen mezuaren nondik norakoak azaldu dizkigu bertatik.

Donostiako agenda kulturalaren aste honetako errepasoa.

EAEko irrati lizentzien banaketarako lehiaketan irregulartasunak egon zirela adierazi dute hainbat teknikarik. GARAk aurkeztutako proiektuak baztertua izan zen hasiera batean egin zen esleipenean, Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariaren esanetan, prozesu horretan esku hartze politikoa dagoenean hasten dira irregulartasunak.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »