BILAKETAK

Anfora

RSS-Podcast

aa

Asteartea, bidaien bideoblog bat aurkeztuz hasi dugu: Tokitan.tv. Bertsolaritzaren Galerian, Karlos Aizpurua izan dugu bertsolaritzan ikerkuntzak zer funtzio duen azaltzen. Azkenik, Mantisa talde zarauztarrak kaleratu duen lehen diskoari buruz jardun du Ganix Illarramendi taldekideak.

Mikroskopioarekin aztertu ditugu gaur Euskal Herriko uhinak aberasten dituzten irrati libreak. 80ko hamarkadako oparoaldian sortu baziren ere, gaur egun indartsu daude toki batzuetan. Zumarraga-Urretxuko Kakintzona, Baztan-Bidasoa bailaretako Xorroxin Irratia eta Gasteizen ondo errotuta dagoen Hala Bedi izan ditugu hizpide. Eta amaitzeko, Gari Berasaluzek Eduardo Galeanoren El futbol a sol y sombra liburua gomendatu digu, futbolaren historia ikuspegi sozial batetik ulertzeko.

Igande honetan Altzon ospatuko duten Eskola Txikien Festari buruzko xehetasunak eman dizkigu Mikel Olanok. Bestalde, Aiora Kintana satorrak artibismoa zer den azaldu digu: artea eta aktibismoa batzen dituen kontzeptu honek, aldarrikapen sozialak eta politikoak modu irudimentsuan egiten ditu, jendearen arreta eta atxikimendua erakarriz. Itziar Amestoyren zinema estreinaldiek eta teknokunbia doinuek osatu dute gaurko saioa.

Bilgune Feministak www.emakumeokplazara.org webgunea aurkeztuko du gaur eta Edurne Epeldek eman dizkigu xehetasun guztiak; kultura arloko emakume sortzaileen gida izango da ataria, eta atalka sailkatuta daude kulturgileak. Badok.info atarian Azala, Txanbela eta Ganbara folk taldeak ezagutu ditugu 80ko hamarkadara bidaiatuz. Azkenik, Gorka Juliok berritzeko gaitasuna askotan eremu txiki eta herrikoietatik datorrela azaldu digu, Txintxarrisfera adibidetzat hartuta.

Arratsalde berezia izan da gaurkoa, albisteak kazetaria eman zuenekoa bezala gogoratuko dugulako. Besarkada estua eta elkartasuna Jon! Edukirik ez dugu falta izan, ordea. Emon taldeak ska eta reggaez betetako Piztu Herria diskoa kaleratu du eta Ekaitz Otxoa taldekideak eman dizkigu xehetasunak.

Matriuska atalean Ibon Arrizabalaga izan dugu gaur eta aukera berdintasunaren aldeko bidean, gizonezkoak “zerekin distraitzen” diren azaldu du. Besteak beste, sistemak oso tentagarri bihurtutako kirol eta sexu industria izan ditu hizpide, baina baita lan eremuak gizonezkoengan sortzen duen zama ere. Azkenik, Koldo Otamendik Cohen taldearen azken diskoa gomendatu digu, Subconcius Mind.

Josu Martinez eta Txaber Larreategi sortzaileek Sagarren denbora dokumentala grabatu dute Kristiane Etxaluz eta Sao Tome eta Principe irlan deportatua dagoen Alfonso Etxegarairen harremana ardatz hartuta. Etxaluz eta Larreategik azaldu dizkigute ostiralean Baionan estreinatuko den ikus-entzunezko lanaren xehetasunak. Bestalde, Gari Berasaluzek, Henink Mankel idazlearen lanak gomendatu dizkigu; Israelek joan den astean erasotu zuen itsasontzian zihoan idazle suediarra.

Eta konturatzerako ostirala iritsi zaigu berriz ere. Gaur iluntzean Larrabetzun abiatuko dituzten Literaturia jardunaldiei buruz aritu gara Patxi Gaztelumendirekin. Itziar Amestoyk astero bezala zinemako estreinaldiak errepasatu dizkigu. Aitor Martinezen egunerokoa kontatzen digun istorioari amaiera usaina dario. Eta azkenik, plan bat igande arratsalderako: Zarauzko Gurekin Jai batzordeak bideoklip herrikoi bat grabatzeko asmoa du eta Euskal Herriko txoko guztietatik igandean 16:30ean Munoa plazara joateko deia egin dute.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »