BILAKETAK

Anfora

RSS-Podcast

aa

Gorraitz eta gorraizea uztartuz hasi dugu programa. Jarraian, Haudio Bloga izan dugu eta eguneko mami nagusia Badok.info atalak ekarri digu: Jon Eskisabelek azaldu dizkigu Xoriei mintzo zen abestiaren bertsio desberdinak, Ortziken taldea, Erramun Martikorena eta Petti abeslarien eskutik. Gorka Juliok, berriz, blogak egiteko erabiltzen den wordpress programaren azken bertsioaz hitz egin digu.

Uda giroa aprobetxatuz, Anfora kalera atera dugu eta Bilbora joan gara paseatzera. Ane Zabala eta Galder Perez izan ditugu solaskide; antzerkilari, kazetari eta beste hamaikatxo saltsatan dabiltzan berriketazale hauek Bilboko kulturgintzari errepaso ederra eman diote, baina horrez gain, estreinatu berri duten 8 Begi antzezlanaz ere hitz egin digute. Zaharra zara Bilbo, baina eskerrak etengabe berritzen zaituen hiritarrak dituzun.

Matriuska atalean gaur pornografia aztertu dugu Miren Arangurenekin. Gaur egun nagusitzen den ereduari kritika egin, eta hainbat mugimendutatik sortzen ari diren pornografia alternatiboak ezagutu ditugu. Geure sexualitatea berrinterpretatzeko balio izan digu, besteak beste. Bukaeran, Koldo Otamendik Iheskide diskoa gomendatu digu.

Literaturia jardunaldien baitan, Zarautzen Hasier Etxeberriak, Imanol Epeldek eta Mikel Elorzak eman zuten hitzaldiaren mamia aletu dugu gaurkoan. Literatura digitala, idazleen sormenean elektronikak zer eragin izan dezakeen, literatura industriak aldatu beharko dituen faktoreak,… hizpide ugari izan dute. Amaitzeko, Gari Berasaluzek http://esporak.blogspot.com bloga aurkeztu digu, hain zuzen ere, euskarazko liburu elektronikoak doan jaisteko aukera ematen duen ataria.

Aje apur batekin etorri zaigu Surfin Kaos taldeko Koldo Soret abeslari eta gitarra-jotzailea. Goizalde Surrealistak, kaleratu berri duten disko berria aurkeztera eta atzo Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertuaz hitz egiten jardun du Soretek, baita bere sormen prozesuaz ere.

Lehenbizi, Bermeo aldera egin dugu, igande honetan bertan izango baita Ibilaldia; Eider Gotxi dinamizatzaileak eman dizkigu xehetasun guztiak. Ondoren, Jon Eskisabel etorri da Badok.info atalarekin eta plaza-taldeak aztertu ditu: Akelarre, Egan eta Minxoriak. Amaitzeko, Gorka Julio izan dugu jendarteko sareek zein egitura konplexua duten azaltzen, eta horiek sare digitaletan nolako isla izan dezaketen zehazten.

Guztiak programan sartzerik ez dugu lortu, baina lagin adierazgarri bat bai behintzat. Facebook-eko Anfora Irratsaioa soslaiak aste honetan 1.000 laguneko langa pasatu izana ospatzeko sare sozial horretan ezagututako sortzaileak elkarrizketatu ditugu: Josu Doncel bakarlari getxoztarra; Ainara Maya Urroz Txekian euskara irakasten ari den poesiazalea; eta Pello Serbielle, abeslari xiberutarra bere azken sorkuntzez hizketan.

Gure herrietan plazamortuan ugaritzen ari direla esanez hasi dugu saioa. Matriuska atalean Ibon Arrizabalaga etorri zaigu, gizonezkoak indarkeria erabiltzera zergatik iristen diren aztertzera. Azkenik, Koldo Otamendik astero bezala disko bat gomendatu digu; oraingoan, Sorotan Babies taldearen Lau Dimentsio diskoa ekarri digu.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »