BILAKETAK

Anfora

RSS-Podcast

aa

Gaur estreinatuko da 80 Egunean filma. Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga aktoreek Axun eta Maiteren paperak jokatzen dituzte filman eta gurean izan dira arratsalde-pasa. Lan eskaintza jaso zutenetik hasita, entseguak, filmaketa eta aurrestreinaldiko urduritasunak… guztiak errepasatu ditugu.

Arte munduko gure satorrak, Aiora Kintanak, bi erakusketaren berri eman digu: Bilbon dagoen Kepa Garrazaren BIDA eta Gasteizen dagoen Txuspo Poyo artistaren UN (inverse). Badok.info atalean Jon Eskisabelek M-ak taldea ekarri du eta beraien harribitxiak errepasatu ditugu. Azkenik, Gorka Juliok Googlek martxan jarri berri duen euskarazko itzulpen automatikoa izan du hizpide.

Katu Jendea zein den jakin nahi izan dugu Eider Rodriguez idazle oreretarrarekin. Izen bereko liburua kaleratu berri du eta bertan dauden ipuinetan ageri den paisaia humanoa azaldu digu. Bestalde, Koldo Otamendik Mantisa taldearen lehen diskoa aurkeztu digu.

Trans jendeak bizi dituen arazoak eta esku artean dituen aldarrikapenak ezagutu ditugu gaur Matriuska atal oparoan. Miren Arangurenek ikuspegi feministatik hitz egin du eta Alira Araneta berriz Stop Patologizazioa 2012 plataformaren izenean aritu da hizketan. Ikasi dugu zer diren trans pertsonak, transexualak, tansgeneroak eta intersexualak. Asko dugu oraindik ikasteko.

Edurne Pasabanek hamalaugarren zortzimilakoa igo duen egun berean, Anari musikariari buruzko Mikroskopio berezia egin dugu. Azkoitiko abeslariaren sormen prozesua ezagutu dugu, abestien egituraz, metaforak ulertzeko moduaz eta publikoak egiten dizkion kritiketaz aritu da hizketan. Literatura txokoan, berriz, Gari Berasaluzek Herioa eta Dontzeila liburua gomendatu digu.

Ostirala lasai hasi eta azeleratuta amaitu dugu. Tarte horretan, Itziar Amestoyrekin zinema estreinaldiak errepasatu ditugu; Joseba Tapia trikiti-jotzailearen Eta tira eta tunba disko berriko Karlistaren panparroikeriak singlea entzun dugu; Manex Eizagirrek Tolosan bihar egingo duten Txapin Festa aurkeztu digu; Iruñean euskararen alde egingo den manifestazioaren oinarriak erakutsi dizkigu Sortzen Ikasbatuazeko Nestor Salaberriak; eta azkenik, Maddi Gallastegi Gasteizen egiten ari diren Arabatakada jaialdian harrapatu dugu, eta hango giroa zuzen-zuzenean kontatu digu. Orain ulertzen zergatik amaitu dugun azeleratuta?

Prentsan irakurri ditugun “Zoriontasuna uneek osatzen dute” eta “Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira, Euskal Herria bezala” titularrak gure saiora ekarri ondoren, mamiari heldu diogu. Garabide Elkarteko Urko Colomok bihar aurkeztuko duten liburu-DVDari buruzko xehetasunak eman dizkigu: “Euskararen berreskuratzea: hitzkuntzak biziberritzeko gako batzuk”. Badok.info atalean Argoitia anai-arreben musika ekarri digu Jon Eskisabelek eta Gorka Juliok Internetek gure inguruko kaleetako merkatuetan sortu dezakeen interakzioaz jardun du.

Telebista umezain txarra dela esanez hasi dugu saioa, Sergio Tejerosek gai horri buruz emango baitu hitzaldia gaur Gasteizen. Bertsolaritzaren Galeraian, Manex Agirre aramaioarra izan dugu, Arabako Koadrilen Arteko Bertsolari Txapelketa irabazi duen taldeko kidea. Komuneko paperean idatzitako poesia entzunda, Mieltxo Monforten albisteak eta agenda jaso ditugu Bilbotik. Azkenik, Luhusoko Harri Xuri gune artistikoak prestatu duen egitarauari ere errepasoa eman diogu.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »