BILAKETAK

Anfora

RSS-Podcast

aa

Harrobi musika talde bizkaitarraren azken diskoa aurkeztu digu David Ibarrak estudioan bertan egin diogun elkarrizketan. Dimako harrobitik Anforara ekarri dizkigu euren ibilera musikalak. Bestalde, Topaguneak antolatu duen Laburbira ekimenari buruz aritu da Manuel Moreno, 28 herritan euskarazko ikus-entzunezko laburrak emango baitituzte apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14a arte.

Opor egunen ostean, gure gorputza esnatzeko ordua iritsi zaigu. Matriuska atalean, Miren Arangurenek “gorputza politika dela” esan digu, ideologian bezala, kanpoko faktore askok eragiten duelako gure gorputz jarreretan, estetikan eta sexualitatean. Bestalde, EHZtako azken gertakarien berri eman digu Eneko Gorrik. Eta azkenik, gaur Donostian hasi den Itsas Azpiko Zinemaren 34. Zikloan barneratu gara Xabier Lasagarekin. Ah! Eta gogoratu dugu, askotan ondokoaren gorputza dela gure aberria….

Egunotako bidaia musikalekin jarraituz, Euskal Herrian ekoitzitako musika elektronikoa jarri dugu gaur. Makala, Jimmy Bidaurreta, Basque Electronic Diaspora, Javi Pez, Gose… Eremu zabala eta askotariko estiloak sortzen dira herri honetan. Gaur, horietako batzuk behintzat, erakutsiko dizkizuegu.

Eskatzen zigun gorputzak, eskatzen zigun arimak, eskatzen zigun buruak, eta eskatzen zigun gerriak, skatu egiten zigun, eta gaur eman egingo diogu… ska. Skatalites zimurtuak, Bad Manners adar-jotzaileak edo Tokio Ska Paradise Orquestra bezalako harribitxiak. Gaur, gorputza astintzeko gogoa geneukan, eta kasu egin diogu. Ska!

Hiru egun berezi izango ditugu egunotan. Hiru egun musikal. Gaur, jazzaren eremuan murgildu gara eta aurpegi anitzeko estilo honek arima bakarra duela konturatu gara. Geuk harrapatu dugu. Charly Parker klasikotik hasi eta Mikel Gaztelurrutia garaikideraino iritsi arte, esparru zabala ekarri dugu Anforara.

Asel Luzarraga idazle eta musikari bizkaitarra atxilotu zuen Txileko poliziak, atentatuak egitea egotzi zion eta gaur egun etxean dago atxiloaldian. Info7-k zuzenean egindako elkarrizketako zatiak hartuta bere egoeraren berri jaso dugu, eta ondoren, Lutxo Egiak azaldu dizkigu bihar Bermeon Luzarragari babesa agertzeko egin behar duten jaialdiko xehetasunak. Oraindik sarrerak badaude! Horrez gain, Itziarren Semeak eta Governors taldeen disko berriak ezagutu ditugu.

Lurpetik ateratako satorrak, Aiora Kintanak, Interneten dauden edukiontzi kulturalei buruzko informazioa eta xehetasunak eman dizkigu. Hiru adibide aztertu ditu: Kulturklik.com, Culturemondo.com eta Culture24 . Badok.info atalean Jose Antonio Villar musikariaren doinuak aztertu ditu Jon Eskisabelek. Eta azkenik, Gorka Juliok Facebook-ek Google-k baino bisita gehiago jaso izana hartu du hizpide.

Soto eta Garmendia. Bat bertsolari gorritiarra, Nafarroako txapeldun berria: nola fitxatu zuten, lehiakortasuna barnean ote daraman eta Nafarroako bertsolaritzaren haize berriak zein diren azaldu digu. Bestea, aktore zaldibiarra, Ipupomamua programako aurkezle berria: aktore bizimoduaz, Martin telesailaz, bere haurtzaroko ipuinzaletasunaz eta zinemako pantaila handian bere aurpegia ikusi zuenekoaz aritu da.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »