BILAKETAK

Sartudalapurra

RSS-Podcast

aa

Euskaldunon artean badira zenbait zenbaki berezi, eta horietako bat da hamalau. Zentzuetako batek dioenez, dena baino gehiago dirudiena. Baina natura da kultura iturri nagusiena, eta mendia, agian, haren adierazpenik argi eta garbiena. Hori dela-eta, 14 zenbakiaren aitzakian lotu dugu, iltzez, sokaz eta lokarriz, gaurko gonbidapen sorta lapurren gordelekutik.

Aurten beteko dira 40 urte Patti Smith artistak “Horses” disko entzutetsua argitaratu zuenetik​​. Era berean, orain dela bost urte eman zuen argitara “Just Kids” memoria liburu aparta. Argia da bi lan horien arteko lotura; izan ere, diskoaren azalean ageri den irudia Robert Mapplethorpe argazkilariak egin zuen, eta liburuak bi artisten arteko maitasun eta laguntasun harremana du oinarri. Aitzakia hori eskutan hartuta, bi artiston lanak giltzaz zabaldu, eta sartu-irten azkarra egin dugu.

Gizontasuna da gaur lapurren gordelekura ekarri dugun gaia. Oier Guillan antzerkigilearen “Arra. Arraroa” antzezlanaren testutik pasarte batzuk lapurtu ditugu, gogoetari bazka emateko. Morphine taldearen blues, jazz eta rock doinuak nahastu ditugu Guillanen lanarekin batera. Bide batez, asteburu honetan GIZON TAILERRA egingo dute Urretxu-Zumarragako gaztetxean; horrez gain, Guillanek bere azken lana aurkezten dihardu: “Salto”.

Brasilgo hauteskundeak hurbiltzen ari direla-eta, ezin aproposagoa iruditu zaigu hango artista puska bat ekartzea lapurren gordelekura. “Grande liquidaçao” diskoa 1968an plazaratu zuen Tom Zé musikariak, hitz zorrotzez eta melodia gozagarriz beteta. Antonio Jose Santana Martins izen-abizenez ekarri zuten mundura, baina beste izen batez egin zen munduan ezagun, brasildar musika herrikoiaren figura handia Tom Zé.

Etengabe berria da ideia: gaua erori, eta leizean aditzen da dantzarako deia. Sartudalapurra saioaren laugarren sasoia hasi dugu aurten Kalegorrian magazinaren baitan. Jorge Drexler musikari uruguaitarrak “Bailar en la cueva” diskoa eman du aurten argitara, eta Euskal Herrian izan dugu (hain zuzen, Barañainen) joan den larunbatean. Ideiak honetan datza: dantza, dantza, dantza, dantza!

Espraiak eskutan hartuta, kaleko arteaz aritu gara gaur lapurren gordelekuan. Banksy artistaren “Exit through the gift shop” dokumentala euskaraz azpititulatuta ikus dezakegu argia.com atarian, azpitituluak.com ekimeneko X10 erabiltzaileari esker. Gogotan hartu dugu, era berean, duela urte batzuk Donostian azaldu zen ustezko Banksy hura, hain zuzen ere, Groseko Kortxoenea gaztetxean Ideia Beltzen Brigadak (IBB) bere gain hartu zuen ekintza miresgarria.

Emozioz gainezka sartu da lapurra gaur. Izan ere, Herria dugu arnas ekimenaren baitan, hainbat iheslari etxerako bidean dira. Joseba Sarrionandiak “Hnuy illa nyha majah yahoo” liburuan argitaratu zuen “Martin Larralde” poema, eta Ruper Ordorikak musikatu “Dabilen harria” diskoan. Larralde ez da sekula itzuli, beste askoren antzera; ordea, batzuk bai, hasiak dira itzultzen, horregatik sartu da lapurra gaur emozioz gainezka.

Anthony Burgess idazle ingelesak “A Clockwork Orange” nobela idatzi zuen 1962an, eta gerora itzelezko ospea izan zuen, Stanley Kubrick-en zine-moldaketari esker. Alabaina, Kubrick-en lanak aipatu gabe utzi zuen Burgess-en liburuan funtsezkoa den gai bat: gizakiok dugun erabakitzeko ahalmena. Harribitxi hori oinarri hartuta, martxoaren 15ean Donostian egingo den Konpromiso eguna hartu dugu hizpide: izan ere, laranja organikoak gara, ez mekanikoak.

« Aurreko berriak :: Hurrengo orrialdea »