BILAKETAK

Sartudalapurra

RSS-Podcast

aa

Gaur hasi eta igandea bitarte, Bizkaiko Larrabetzu uria hirugarren aldiz bihurtuko da Literaturia, euskal irakurzale guztientzat zabalik dagoen ekimena. Horri buruz lapurrizketan aritu gara Gotzon Barandiaranekin, antolaketaz, auzolanaz, eta abar. Horrez gain, Zinez ekimena aipatu dugu, eta esku artean duten Kartzelako Poemak proiektua. Amaitzeko, M-15 mugimenduaren ibilbidea jarraitu dugu.

Iraultza ez dela telebistaz emango, hori esanez hasi dugu gaurko saioa. Gil Scott-Heron-en poema-kantua entzun dugu, eta baita Jackie Mittoo jamaikarraren musika ere. Ain_1 taldeko Iraitz Agirrerekin aritu gara lapurrizketan, Amaia Uranga entzun dugu Rio de Janeirotik, eta amaitzeko, Stephane Hessel-en “Haserretu zaitezte!” aipatu dugu. Amorratuta gaude, baina pozik.

Gure literatura zakilduna izan da bere neurririk handienean, eta jakina denez, baita sotanaduna ere. Frankismotik hona, sotana modaz pasatzen joan da, eta etorri dira Aresti eta bere harrikada, Saizarbitoria eta bere petrila, Atxaga eta bere harea, Sarrionandia eta bere gordelekuak, Izagirre eta bere itsasoa… ai amai! Eta gero, Cano eta bere kea. Eta hain zuzen ere, Harkaitz Cano idazle handiarekin aritu gara lapurrizketan, ke artean.

Azkenaldi honetan botagurea izaten dugu maiz, gonbitoka aritzeko gogoa, edo botua ematekoa. Beste hitzetan esanda, goragalea izaten dugu sarri, goitika egiteko gogoa, edo gora egitekoa. Koldo Izagirreren “Autopsiarako froga” liburutik hiru pasarte lapurtu, eta politikariak linguistarena egiten entzun ditugu. Goragalea lasaitzeko, hala ere, dantzan jarri gara Rodrigo y Gabriela mexikarren musikarekin.

Zabalik utzi dugu lapurren gordelekuko atea, eta barruraino sartu zaigu haizearekin batera Iratxe Esnaola Aldanondo. Txileko Santiago hirian bi urte lanean eman ondoren, gurera itzuli da, eta guk aukera probestu dugu berarekin lapurrizketan aritzeko. Galerna nobela gogoangarria idatzi du besteak beste Iratxek, eta bere beste harribitxi batzuk ere ezagutu ditugu gaur.

Ostiral santua pasata, santu antzean itzuli gara uhinetara, zintzo-zintzo. Lotsak alde batera utzi eta Cachaito Lopez kubatarraren musikarekin gozatu dugu. Aitzol Aramaio zendu berriari aipamen egin diogu, halaber Sony multinazionalari egindako datu-lapurretari. Amaitzeko, Walter kolaboratzailearen istorio lotsagabea entzun dugu.

Zaku bete kontu ekarri dugu lapurren gordelekura, eta sartzen zirenak sartu ditugu barruan. Iban Zalduaren “Biodiskografiak” liburutik ipuin pare bat lapurtu eta uhineratu dugu. Beste puska batean Korrika 17ri egin diogu jarraipena, twitter bidez. Azkenik, Naiara lagunaren mundu-ibilerak entzun ditugu, eta saioak iraun bitartean, The Beatles-en “Revolver” izan dugu lagun.

Mursego artistaren musikaren laguntzaz, frexko-frexko egin dugu gaurko saioa, lapurren kobazuloan. Lapurrizketan Patxi Egilazen “Nos quitaron todo. Una de campesinos y ladrones” (Dena kendu ziguten. Nekazari eta lapurren historia bat) dokumentalari buruz aritu gara. Sarekadan, Espainiako Futbolaren zorrak aipatu ditugu, eta Entzungailuan Naiara Urangaren bidaiaren berri izan dugu.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »