BILAKETAK

Gureaz Blai

RSS-Podcast

aa

Gorka Ortiz de Guinea izan dute bidelagun gaurko saioan Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Arabako biltzarkidea da Ortiz de Guinea, eta jatorriz euskalduna ez bada ere, gaur egun euskarak presentzia handia du bere bizitzan. Lasak egin dio elkarrizketa eta bere hizkuntza ibilbidearen ingurukoak azaldu ditu Gureaz Blain. Hauxe izan da aurtengo denboraldiko azken saioa. Datorren ikasturtean itzuliko gara berrikuntzeko hirugarren denboraldiari ekiteko indartuta.

Gaurkoan, Donostiako Bagera euskara elkarteko Aitziber Gurutzeaga izan dute bidelagun Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Bagerak sortu zuen duela 30 urte Mintzalaguna egitasmoa, eta ordutik Euskal Herriko hainbat txokotara hedatu da. Urtemuga dela eta, ostiralean festa egingo dute Egiako (Donostia) Gazteszenan; horren harira, egitasmoaren hastapenetatik orain arteko errepasoa egin du Gurutzeagak gaurko saioan.

“Zer esan diozu Maiderren amari? Seguru esan diozula andereñoak erderaz egiten duela!”, haur batek amari; eta “Ama, eman egurra”, beste haur batek amari. Zein da egoera baten eta bestearen aldea? Horixe landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin Kontu-n, berriz, UEMAko lehendakari Maren Belastegik ekainaren 14an Tolosan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunari buruzko xehetasunak eman dizkie.

Donostian euskarari buruzko kezka eta soziolinguistikari buruzko gutxieneko ezagutza jasotzearen premia sumatu zuten. Premia hori asetzeko antolatu ditu Bagera elkarteak solasaldi soziolinguistikoak. Hain justu, solasaldi horien inguruan hitz egin dute, Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak, Bagera elkarteko kide Urko Aierberekin.

Hainbatetan hitz egin dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak lehen hitza euskaraz egiteak edo euskaraz ez dakitenei ere lehen harreran euskaraz zuzentzeak duen garrantziaz. Baina gaurkoan, hala ez egiteak dakartzan ondorioak plazaratu dituzte kasu eta pertsonaia hipotetiko batzuk planteatuz. EGIN KONTU atalean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak udalen webguneetako euskara zerbitzuen inguruko aholkua eskaini du.

“… eskerrik asko. Y dos bocatas de lomo con queso”, esan eta “Perdona, es que no entiendo euskera” erantzungo balizu norbaitek, nola geratuko zinateke. Egoera horretaz aritu dira Nekane Zinkunegi eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasa gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin kontu-n, berriz, aste honetan Egiako (Donostia) kultur etxean ikusgai jarri duten Euskara, ospeletik eguterara. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketaz hitz egin dute Euskal Memoria Fundazioko Arantxa Erasunekin.

“Katalanak batzuetan pasa egiten dira! Ez genuela ulertzen esan, eta segi katalanez!”, euskaldunoz hori esatea zer irudituko litzaiguke? Egoera horixe landu dute gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Egin kontu tartean, berriz, iaz Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendariari eginiko elkarrizketa ekarri dute gogora, errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatuz.

Hirugarren ahots batez lagunduta aritu dira Nekane Zinkunegi eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasa gaurko Gureaz Blain. Iratxe Esnaola PuntuEus fundazioko ordezkariak, abian den .eus domeinu berriak euskal hiztunei egingo dien ekarpenaren berri eman baitie. Horrez gain, .eus domeinu bat eskuratu nahi dutenek egin beharreko urratsak zeintzuk diren ere azaldu die.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »