BILAKETAK

Udako Elkarrizketak

RSS-Podcast

aa

Udan euskara ikasteko tartea hartzen dutenak aunitz dira. Lazkaoko Maizpide barnetegiak 90 lagun daude orain, gehienak Euskal Herrikoak. Sebastian Olhats Paristarra da, haren aitona Lazkaotarra. Sustraien bila hasi zen euskara ikasten. Jon Urdangarin da Maizpideko zuzendaria, ikasle eta irakaslearekin aritu gara solasean, barnetegi batean egunerokoa nolako den jakiteko intentzioz. Urdangarinek erran digu baietz, egia dela, barnetegian euskara ikasteaz gain ligatzeko tartea badagoela.

“Kaxilda eta Likinianoren etxean denak ziren ongi etorriak”  Kaxilda eta Likiniano anarkistei omenaldia egingo diote bihar, uztailak 18, Easo plazan. Ausardi handikoak biak, gogor egin zuten borroka faxisten kontra Donostian. Ezkertiarren artean gaizki ulertuak handiak baziren ere, Kalixdak eta Likinianok  harreman handia izan zuten ezkertiar guztiekin, baita abertzaleekin ere. Egun osoko egitaraua da biharkoa, suhiltzaleen egoitza ohian, goizeko hamarretatik aurrera erakusketa, bideo emanaldia, eta musika izanen da. Ondoren, hitzaldia Juantxo Estebaranz eta L.M Jimenez de Aberasturirekin. Iñaki Egañak Urbieta kaleko barrikadetara itzulia eginen du.

1936ko abuztuan eta irailean matxinada frankistari aurre egiteko lehenengo erresistentziako antolkuntza eta enfrentamenduak Tolosaldean gauzatu ziren. Adunan egun hauetan azolandegiak egiten ari dira Aranzadi, UEU, Udalbiltza, Gipuzkoako Aldundia eta Aduna, Zirzurkil eta Asteasuko udaletxeen eskutik. Astelehenean hasi ziren auzolandegiak eta gaur Aranzadiko Jabi Bucesekin hitz egin dugu. Berak eman digu proiektuaren berri.

Aitor Bikandi laudioarra Hebrongo H2 gunean dago, Israelen menpeko gunean. Bertatik Gazako sarraskiaren berri eman digu, egoera muturrekoa dela, baina okertu daitekeela ohartarazi du Bikandik. “Edozer du helburu estatu sionistak” azpimarratu du. Kolonoen desagerketaren ostean, bere etxera ere sartu ziren militarrak, “inpunitate guztiarekin”. “Hau ez da guda bat, Israel eta Palestinaren arteko egoera ez dela simetrikoa” aldarrikatu du laudioarrak. Norbanakoak elkarretaratzeetan parte hartzeaz gain, Israelgo produktuei boikota egitera animatu ditu.

Eibartik hitz egin digu Irati Iciarrek, UEUko ikastaroen ardunadunak. Hirugarren astean ere bada zer ikasi UEUren baitan. Bazkidez eratutako elkarteak auzolanean gauzatzen ditu ikastaroak. Ikasleak anitzak dira eta aktualitateko gaiak jorratzen dituzte.

Aspalditik ezagutzen zuen  Antxon Elosegi Tolosarrak Nestor Basterretxea. Ezaguna da Nestor Basterretxea bera, bere itsurako txontxongilo batekin ateratako argazkia. Antxon Elosegik oparitu zion txontxongilo hori, Tolosan 2012an egin zitzaion omenaldian. Basterretxea zeinen pertsona ona zen nabarmendu digu Elosegik, beti laguntzeko prest zegoela, oso humanoa zela. 82 urte ditu Antxon Elosegiz, saio ederra du, Iruñean pasa ditu Sanferminak.  Hain ongi nola mantentzen den galdetu diogu, eta bere erantzuna hara: azido urikoa ez, azido folkloriokoa duela berak, Nestor Basterretxearen esaldia omen.

Sanferminetan ohikoak dira “almuerzikoak”:  arrautzak, urdaiazpikoa, txistorra pixkat….baina gaur ordea, Gora Iruñeako Jai gunera hurbilduz gero, bertze herrialdeetako jakiak dastatzeko aukera ere izango duzu. Euskal Herria hamaika Kolorek Gastronomia Txapelketa antolatu baitu. Enpanadak,  paela, cevichea, arepak…gosez behintzat ez zara geratuko. EH 11 Koloreko Beñat Garmendiarekin solastu dugu honetaz guztiaz.

Uztailaren 4an inork espero ez zituen euri jasak bota zuen Baztan aldean. Errekak gainezka egin eta urak herria hartu zuen. Kalteak nabarmenak izan dira,  bai Elizondon eta baita Erratzun ere. Hainbat eraikin izan dira kaltetuak, elizondo zaharretxea geratu da egoera okerrenean, ura sotora sartu baita eta makina aunitz hondatu egin dira. Nafar Gobernutik diru-laguntzarik jasoko ote duten ez dakite, eta baieztatzen badira ez dakite noiz helduko diren.  Auzolanean, ordea, Elizondo eta Erratzu egunerokotasunera bueltatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Uholdeek utzitako penak alde batera utzi, eta igande honetan baztandar guztiak elkartuko dira orga artean ElizondonBaztandarren Biltzarra ospatzeko.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »