BILAKETAK

Obabako testiguak

RSS-Podcast

aa

“Koldo Izagirrerekin aritu gara argitaratu berri duen ‘Parisen bizi naiz’ poema liburuaz, luze eta zabal. Tartean atera dira gai asko, Donostia, hiriak, memoria, bakea, kultur ereduak, umorea eta gehiago. Horrez gain, Lander Arretxeak erreportajea egin digu orain gutxi Irati Jimenezek argitaratu duen ‘Lumaren zama’ liburua oinarri hartuta, eta izenburu deigarria jarri dio: ‘Nola izan euskal idazle ona’. Saioaren hondarrean, ohi moduan, ITU bandakoak izan ditugu gurean, papereratutakoak uhinetan zabaltzen. On egin!”

“Xabier Gantzarain, Anjel Lertxundi eta Lorea Agirre “Pre(nt)sa(z)ko literatura”-ri buruz hizketan aritu ziren orain astebete, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean antolatzen dituzten literatura topaketen baitan. Hirurak elkarrizketatu genituen, eta haiek esandakoekin osatu dugu irratsaioaren zatirik handiena. Uztartu litezke presa eta literatura? Presa beti al da kalterako literaturari dagokionean? Ze trikimailu erabiltyzen dituzte zutabegileek? Non daude kazetaritzaren eta literaturaren arteko mugak? Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatu dira hiru hizlariak. Kontu gehiago ere izan ditugu gurean: Jon Iraolak Donald Ray Pollocken The Devil All The Time liburuaren kritika egin digu, Jon Urzelaik Egun ederra da gaurkoa puntukako ipuinari errematea eman dio, eta saioaren hondarrean, ohi moduan, Itu bandako kideak izan ditugu gurean. Presarik ez baduzue geldi zaitezte gurean, eta presaka bazabiltzate ere bai. Gaur ez duzue aitzakiarik. On egin!”

Genero ariketak liburua aurkeztu dute Edo argitaletxekoek Hernaniko Biteri kultur etxean, errezitaldi, performance, musika emanaldi eta abarrez osatutako ekitaldi ezohiko batean. Transfeminismotik edaten duten testigantza eta gogoetaz osatutako liburuan jende askok hartu du parte, eta horietako zenbait elkarrizketatu ditugu: Isa Castillo, Amaia Alvarez eta Danele Sarriugarte lehenik, Kattalin Miner ondoren. Horrez gain, sail berria estreinatu dugu: Lander Arretxeak erreportajeak ekarriko dizkigu hilean behin. Oraingoan, musika eta literaturaren arteko harremanaz aritu da, tartean Ruper Ordorikaren eta Jon Benitoren hitzak sartuta. Elearazi atariko Garazi Arrulak hil honetan plazaratu dituzten Kubako ahotsen berri eman digu, eta ITU bandakoek lapurtu digute azken ordu laurdena, ohi dutenez. On egin!

“Literatura Eskolak 10 urte bete dituela eta, bertako koordinatzaile taldean sartu diren Iratxe Retolaza eta Amaia Serranorekin hizketan aritu gara. Sortu zenetik gaurdaino izandako historia errepasatzeaz gain, etorkizunera begira dituzten erronkez ere jardun dugu. Horrez gain, Iraitz Ugalderen liburu komentarioa liburu komentarioa, Manex Mantxolaren puntukako ipuinaren hirugarren zatia eta Itu bandakoen tartea ere entzun ahal izango dituzue. Ah, eta ez ahaztu: sintonia zaharra ala berria, zein duzue nahiago? Sartu gure hemen eta hemen, eta bozkatu! Ez galdu ikasturte berriko lehendabiziko saioa!”

“Denboraldiko azken irratsaiora heldu gara Obabako Testiguak, eta oporretara erretiratu aurretik, literaturarekin lotutako galdera eternal batzuei bueltaka aritu gara. “Zertarako idatzi?” “Zertarako irakurri?” “Ze funts du honek guztiak?” Guk, noski, erantzunik ez daukagu, eta han hemenka gai horiei buruz topatutako aipuekin osatu dugu saioa. Bertako idazleak atzerrikoekin nahas-mahasean jarri ditugu, garaikideak zein klasikoak… Horrez gain, Elearazi atariko Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek udarako pare bat liburu gomendio eman dizkigute, Nagore Aresek liburu komentarioa egin digu, eta amaieran, ITU bandakoek kendu dizkigute mikroak.
Kuriositatez zaudetela? Ez galdu denboraldiko azken saioa!”

“Alkasoroko benta” eleberriari buruz aritu gara hizketan Mikel Tabernarekin, eta elkarrizketa hori izan da saio honetako ardatza. Horrez gain, Jon Iraolak liburu komentarioa egin digu, Amaia Iturriotzek puntukako ipuinaren bigarren atala osatu du, eta saioaren hondarrean, bat-batean eta ezerezetik agertuta, ITU bandakoek bahitu egin gaituzte, ‘Martutene’ bana ahoan sartuta. Gehiago jakin nahi duzuela? Ez galdu irratsaioa!”

“Euskarazko literatur aldizkariak izan ditugu mintzagai, lau guztira: 80ko hamarkadako bi (Korrok eta Txortan) eta 90eko hamarkadako beste bi (Zantzoa eta Vladimir). Horrez gain, Iraitz Ugaldek liburu komentarioa egin digu, Gorka Gurrutxagak Berlineko kontuak ekarri dizkigu berriz ere, eta Beñat Gaztelumendik puntukako ipuinaren lehen zatia irakurri digu. On egin!”

“Obabako Testiguak ospakizunetan gara, 10. irratsaioraino ailegatu gara eta. Okasioa aprobetxatuz, Larrabetzura gerturatu gara eta Literaturiaren berri emango dizuegu handik. Itzulpengintzari buruzko mahai inguruko une batzuk, Danele Sarriugarteri eta Gotzon Barandiarani egindako elkarrizketak, Peru Magdanelaren liburu aurkezpeneko kantu bat eta kontu gehiago entzun ahal izango dituzue oraingoan.

On egin!”

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »