Infozazpi Irratiak bost urte bete ditu urtarrilean. Proiektua martxan jarri genuenean, arian-arian garatuko genuela esan genuen, eta hala egin dugu bost urteotan. Orain, beste urrats batzuk egitera goaz, irratiari tamaina handiagoa emateko. Bere itzala gero eta zabalgoa izateko.

Geroz eta gehiago. Horixe da orain arte jarraitu dugun bidea, eta oraingo honetan, indarberriz, hartu dugun leloa, bosgarren urteurrena dela-eta abiatu dugun kanpainan.

Gure seinalea geroz eta leku gehiagotara helarazi nahi dugu. Geroz eta programazio osatuagoa eskaini nahi dugu.

Eta hori gauzatu ahal izateko, Geroz eta bazkide gehiago bildu nahi ditugu.

Azken hilabeteotan hainbat eskualde eta herri zeharkatu ditugu; Tolosa, Arrasate, Bergara, Donostia, Lizarra, Iruñea, Tafalla, Durango, Otxandio…Hauetan irratsaio bereziak eskaini ditugu, baita proiektuari buruzko informazioa helarazi ere. Otsailaren 19an Hernanin izango gara; Infozazpi irratiaren Musika Jaialdia antolatu dugu.