Gaur arratsaldean elkarretaratzeko deia luzatu du Hondarribiko Bilduk, bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten herritarrekin elkartasuna agertu eta “epaiketa politikoen” kontrako iritzia adierazteko. 19:30ean izango da protesta ekitaldia, Miramarren.  2010eko irailaren 27an Askapenaren kontra egindako sarekada salatzeko Hondarribian egin zen manifestazioan bi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak eta bihar, asteazkenarekin, epaituko dituzte Madrilen. Fiskalak kartzela zigorra eskatu du bientzat, “terrorismoa goratzea” eta “autoritatea duten agenteei atentatua” egitea leporatuta. Guk, gertaturikoa ezagutzeko, bihar Madrilera joan beharko duten Joseba Garaialde eta Garbiñe Etxeaburu senar-emazteak elkarrizketatu ditugu.