Ohi bezalaxe, Asteari begiratua botaz hasi dugu gaurko Zebrabidea ere, eta Boltxebike aldizkariko Kanitok Irakeko eta Venezuelako egoerez, zein maiatzaren 1eko mobilizazioez hitz egin digu. Horren ostean, Saioa Baleztenari egokitu zaio gaurko musikaren tartea. Saioaren lehen zatiari TasTas irratiko Iñigorekin Bizkaia aldeko kronika eginez eman diogu amaiera. Bigarren zatian, desalojatu berri duten Bakioko Torrea gaztetxeko lagun bat izan dugu gure artean. Horren ostean, baserritik.com egitasmoa ezagutu dugu Naiara Zubikarai teknikariari esker. Irratigintzaz ere aritu gara, BilboHiria irratiaren hamaseigarren urteurrenaren harira Bilboko Kafe Antzokian antolaturiko mahai ingurua aitzakiatzat hartuta, BilboHiria irratiko Mieltxo Monfort koordinatzailea izan dugu Zebrabidean. Elkarrizketekin amaitzeko, Abarka antzerki taldeko antzezle bat etorri da gure artera, “Biba zorrixen izurrittie!” obra berriaz hitz egitera. Iritziaren tartean, Jasone Mitxeltorenaren hausnarketa izan dugu entzungai gaurkoan.