Berri batzuen irakurketarekin hasi dugu aste honetako irratsaioa, eta alternatiba sozioekonomikoen inguruko mahai inguru bat egin dugu segidan. Bertan, Aldatsa baratza kooperatibako eta kooperatiba izatera iristeko helburua duen Hiritik At elkarteko kide bana izan dugu gurekin, jada gazteek martxan jarri dituzten alternatiben inguruan hitz egiteko. Lehena nekazaritza esparruan kokatzen da, eta bigarrena, aldiz, hirigintza eta espazioaren antolamenduan. Hiritik At-eko kide den Andonik azaldu digu nola gaur egun espazioa ekonomia kapitalistaren menpe dagoen eta haren mesedetan kudeatzen den. Horrekin hautsi asmoz sortutako ekimena da Hiritik At. Eta sorpresa txiki bat ere badaukagu! Apirilaren 17tik 20ra bitarte Gazte Burutakzio topaketetarako 2 sarrera zozketatuko ditugu, uououoooooooooo!! Zer egin behar duzun horretarako? zirimola@topatu.info-ra gehienez 2 minutuko audio bat bidali azaltzen zer den zuretzat burutakzioa! Orijinalenak eskuratuko ditu! Jarraian, kolaborazioaren tartean Gehituko kidea den Jone izan dugu gurekin, eta azaldu digu zertan datzan kolektiboak egiten duen lana batez ere hezkutza eremuan, gaztetxoekin. Egungo egoeraren azterketa txiki bat egin digu.