Espainiako auzitegi nazionalean aurki epaiketa politiko gehiago izango dira. Tartean 2010. urtean sarekada ezberdinetan atxilotutako 28 gazte independentista epaituko dituzte. Irailean hasiko den epaiketaren atarian Eneko Villegas auziperatutako batekin izan gara. “Urduri gaude, ez dakizu zer gertatuko den, edozer espero daiteke” aitortu du. Atxiloketa, inkomunikazioa, tratu txarrak… guzti hori gogoratzea gogorra egiten zaie, baina “herritarrek eman diguten berotasuna ikaragarria izan da, baita sortu diren Libre asanbladetan egiten ari diren lana” baikorki baloratu du. Urte guzti hauetan, etorkizuneko planak ezin egin izatea latza dela ere esan digu Villegasek. Udaran jarritako elkartasun argazki kanpainarekin kontentu dira, milatik gora jaso baitituzte. Epaiketara begira kanpaina indartuko dutela aurreratu digu, tartean irailaren 12ko asteburuan.