Gaztea eta berdea dugu euskal literatura idatzia: lau mende eskas baino ez ditu. Ahozko euskal literatura, berriz, gure hizkuntza bezain antzinakoa da. Haizeak eramaten ditu ahozko hitzak, harrapatzen eta papereratzen ez badira. Hori dela-eta, aparteko garrantzia du Xabier Payak idatzitako “Ahozko Euskal Literaturaren Antologia” lanak; hain zuzen ere, balio duelako gure ondareari behar duen balioa emateko. Ahozko literaturan aberatsa baita oso, euskal kultura. Altxor horren adibide kozkor batzuk aditu ditugu gaur lapurren gordelekuan.