Lehenik eta behin, Irulegi irratiko esatari Jojo Bidarten eskutik euren bueltako kontuen berri izan dugu: Zinegin festibalaren balorazioa; Julen Mujikari Okzitaniako Tolosako prefetak ezarritako debekua; eta beste hainbat kontu ekarri dizkigu Bidartek. Ondoren, Argia astekariko zuzendari Estitxu Eizagirre batu zaigu, eta aldizkariaren azken alearen aurrerapena egin digu. Elkarrizketaren tartean, berriz, Halabedi irratiko kideek Euskararen kate hautsiak liburuaz Arantxa Erasun eta David Anautekin eginiko solasaldia izan dugu entzungai. Komunikazioari zabaltzen diogun tartean, Patxi Gaztelumendi batu zaigu, eta komunikazio ikuspegitik “sareak ehundu” esamoldea errepikakor bihurtzeak sortzen dion kezka azaldu digu. Amaitzeko, Bilbo Hiria irratiko Mieltxo Monfortek LIher Barrantes euskara irakasleari eginiko elkarrizketa izan dugu.