Arima Beltzak taldean ezagutu genuen Jon Gurrutxaga elgoibartarra bateria eta kantuan aldiberean lehenik eta ahotsari nagusitasuna emanez ondoren.  Andrakan taldean, Keu Agirretxerekin UEk proiektuan edota Jon & Sugramas bakarkoan ezagutu dugu ondoren eta orain, izen propioarekin dator. “Hitz lauz” diskoa kaleratu zuen udazkenean Jon Gurrutxagak; blues, funk, folk eta rock doinuak uztartzen dituen lana. Gurean izan dugu gaur, gitarrak hartuta etorri zaigu eta disko berriko hiru kantu ere jo dizkigu zuzenean. Arima Beltzak taldeko arimak bertan jarraitzen duela aitortu digu. Plazerra izan da.