Lehenik eta behin, Bilbo Hiria irratiko koordinatzaile Mieltxo Monfortek Josu Martinez zinegileari egindako elkarrizketari esker, Bilbon gaur hasi den ‘Chez les basques’ zine zikloaren ingurukoak jakin ditugu. Ondoren, Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Amaia Zufiarekin azken ‘Bilgune Kontari’-n landutako kontuen errepasoa egin dugu. Eguneko adierazpenen tartera, Hamaika Telebistak amatasun ereduei buruz egindako erreportajea ekarri dugu. Xorroxin irratiko lagunek Mailo Birto Lactikerreko kidearekin izandako solasaldiari ere egin diogu lekua. Euskal antzerkigintzari zabaltzen diogun tartean, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Itziar Eliasek Borobil teatroaren ‘Jokoz kanpo’ obraz hitz egin digu. Amaitzeko, Txapa irratiko lagunek Eneko Barberenarekin izandako solasaldia ekarri dugu.