Aste zaila eta gatazkatsua izaten ari da Gasteizeko Errekaleor auzoko bizilagunentzat. Atzo bertan, Iberdolako langileek argia moztu zieten eta poliziak auzokideen kontra kargatu zuen. Honenbestez, argi-indarrik gabe igaro behar izan dute gaua auzokide gehienek eta badirudi Udalak proiektu autogestionatu hau eteteko erabakia hartu duela. Edozein kasutan, Errekaleorreko auzokidea den Jonbek baieztatu digunez “erasoen gainetik auzoa bizi berritzen” jarraituko dute aurrerantzean. Gaurko mobilizazioak deitu dituzte eta eguerdian prentsaurrekoa eskainiko dute.