Irratien tartean, Euskal Irratiei esker asteazkenetik aurrerako Xarnegu Eguna jaialdiaren berri izan dugu. Ondoren, Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Saioa Iraolarekin azken ‘Bilgune Kontari’-n landutako kontuen errepasoa egin dugu. Elkarrizketa Juanjo Perez Elhuyarreko teknikariari egin diogu, EkoLinguA solas jokoaz. Euskal antzerkigintzari zabaltzen diogun tartean, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Itziar Eliasek ‘Zazpi aldiz elur’ obra nabarmendu digu. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek Bidegi auziaz gaur esandakoak bildu ditugu eguneko adierazpenen tartean. Amaitzeko, Txapa irratiko lagunek Nerea Agirreri haurren arteko inklusibotasunaz egindako elkarrizketa izan dugu entzungai.