Lehenik eta behin, Oiartzun irratiko esatari Mirari Martiarenak Oiartzungo futbol taldearen 2. mailako garaipenaz bildutako adierazpenak izan ditugu irratien tartean. Ondoren, Estitxu Eizagirrek Argiaren aste honetako alea aurreratu digu. Eguneko adierazpenen tartean, gazteek etorkizunaz dituzten aurreikuspenen berri izan dugu, Hamaika Telebistari esker. Elkarrizketaren tartean, Arraio irratiko lagunek Gurutze Ostolazarekin hitz egin dute aurtengo Mefsst jaialdiaren inguruan. Komunikazioari zabaltzen diogun tartera Patxi Gaztelumendi batu zaigu eta Lauaxetaren atxiloketatik abiatuta egungo kazetaritzaz hausnartu du. Amaitzeko, ‘Gizartea eta artea haur eta gazte literaturan’ liburuaren ingurukoak ekarri dizkigu Bilbo Hiria irratiko Mieltxo Monfortek.