Aitor Fernandez eta Aingeru Cardaño bilbotarrak hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Duela 14 urteko gertakari batzuengatik espetxeratze agindua eman du epaitegiak. Baina ez dute epaia onartzen, kontraesanak daudela ohartarazi digu Aingeru Cardañok eta desobedientziarako hautua egin dutela. Atxilotu zituztenean Ertzaintzaren Arkautiko komisaldegian torturapean eginiko deklarazioetan oinarritu dela epaia salatu du, eta Euskal Herritarren pairatzen duten jazarpen eta errepresioaren baitan kokatu du sententzia Cardañok: “beste kasu askoren artean, gurea beste bat da. Ez da xamurra espetxera berriz itzultzea, baina egoera orokor batean kokatu behar da”. Animotsu eta gogotsu daudela biak esan digu.