BILAKETAK

Sartudalapurra

RSS-Podcast

aa

“Joakin” ez da hiztegian ageri, baina ez gara gizon izen bila ari. “Etorkin” hitzaren ifrentzua nahi dugu, txanponaren beste aldea. Izan ere, nola esaten zaio bere aberria laga eta gure atzerrira joan denari? Ildo horretatik, Joe Sacco kazetari eta komikigilearen lana aurkeztu dugu, Ismael Lô senegaldarraren musika jantzita.

London hirian hil zen poeta, eta London hiritik datozkigu punk doinuak. Gaurkoan, Sylvia Plath estatubatuarraren poesia hartu dugu hizpide, ‘Ariel eta beste poema batzuk’ euskarara ekarri dutela probestuta. Poema hasiera batzuk irakurri ditugu, emakumez osatutako Savages taldearen ‘Silence yourself’ doinuak lagun.

Maite Arroitajauregi “Mursego” eibartarraren hirugarren diska dugu “Hiru”. Baina gaurko harribitxia, gomendio bizia, Mursegoren emanaldiak dira. Geruzaz geruza, kantuak eraikitzen ditu Mursego musikariak, tipula gardenak bezala, eta entzulearen belarri harrituetan sartzen da, argia bezain bizi, musika.

Luis Rezola gazte tolosarrak Dueson preso zelarik idatzi zuen kantutegia, 1937an, eta hitz haiei doinu jarrita plazaratu berri ditu Joseba Tapiak: “Tximela kapitainaren izarrak”. Oraingoan, soinu txikia edo “inpernuko hauspoa” atseden hartzen utzi du; gitarra klasikoa eskutan hartu, eta haren sei zainak dardarka jarrita astindu dizkigu barrenak.

Alde basatian lapurretan ibili gara gaur, gure baitara bilduta itzuli gara haurtzarora. Maurice Sendak idazle eta ilustratzaileak 1963an eman zuen argitara “Where the Wild Things Are” (Piztiak bizi diren lekuan). Lan horrek mundu osoan ikaragarrizko arrakasta bildu du azken 50 urteotan. Spike Jonze zine zuzendariak, liburuan oinarrituta, film luze bikaina egin zuen 2009an, Karen O and the Kids taldearen soinu-banda dotorea lagun.

Euskal Herriko 17 rap talderen musikaz osatutako bilduma da gaur aurkeztu dugun harribitxia. Antton Basurko koordinatzailearekin hitz egin dugu bildumaren karietara, eta besteak beste, Aritz Usandizagak idatzitako testua irakurri dugu.

Marcel Duchampek komunontzi bat erosi, R. Mutt izenez sinatu eta arte erakusketa batera bidali zuen, 1917an. Arte garaikidearen kontrako ekintza hura, paradoxaz, arte garaikideko lanik eraginkorrena dela diote adituek, ia mende bat geroago.

Ahotsez, ezpainez, hortzez, eta eztarriz egin daitezkeen soinuak erabiliz egiten den musika mota da beatboxing delakoa. Entzule batek bere harribitxia gomendatu zigun, Dokaka japoniarra, eta hura aitzaki hartuta aurkeztu dugu etorkizun handia duen musika jarduera hau.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »