BILAKETAK

Gureaz Blai

RSS-Podcast

aa

Haurrekin izandako elkarrizketetako pasadizoak oinarri hartuta hizkuntza portaeraren inguruko proposamenak egin dituzte, gaur, Nekane Zinkunegi esatariak eta Ainhoa Lasa Emun kooperatibako teknikariak. Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaok larunbatean Iruñeko Anaitasunan egingo duten ‘Anahitasuna’ ekitaldiaz hitz egin digu. Maite Goñi irakasleak, berriz, IKAPP aplikazioei buruzko ‘Egin Kontu’ gomendioa ekarri digu.

30 urtean %1,6tik %36,9ra igo da euskararen erabilera Zalduondon. Gorakada horren arrazoien berri izan eta beste gune batzuetarako gakoak atera asmoz, bertako Jonpi, Joseba eta Olatzekin batu gara Gasteizko Halabedi irratian. Horrez gain, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Maren Belastegiren iritzia, eta Maite Goñi irakasleak Elaide sare sozialaz eskainitako gomendioa ere izan ditugu gaurko saioan.

Martxoaren 19an abiatu zen Korrikaren 19. edizioa Urepeletik, eta igandean iritsiko da Bilbora. Gaur, beraz, ekuatorean harrapatu dugu, eta hori aprobetxatuta Korrikari buruzko Gureaz Blai berezia osatu dugu. Gorlizen lekukoa hartu behar zuen Fernandorekin, zein Sopelako Gotzonekin hitz egin dugu. Horrez gain, aurtengo omendua den Durangoko Azokako Izaskun Ellakuriagari elkarrizketa egin diogu; eta Nola euskahaldundu erdaldunak? mahai inguruko adierazpenei ere egin diegu tartea.

Duela zortzi urte Iñigo Arandiak abian jarritako kaixomaitia.com webgunearen ingurukoak jorratu ditugu Arandiarekin berarekin. Bikotekide euskalduna topatzeko aukera ematen du sareko gune horrek. Horrez gain, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik ostegunean hasiko den Korrikaren 19. ediziorako deia egin du. Maite Goñi irakaslearen eskutik, berriz, Euskaltzaindiaren arauak lantzeko baliabideen berri jaso dugu.

Gureaz Blain ohikoak diren hizkuntza egoerak landu ditugu gaurko saioan, telefono konpainia bateko langilearen eta bezeroaren arteko “ulertezintasunaz”, bata; eta senarrarekin euskaraz hitz egin nahi eta ezinak sortutakoa, bestea. Horrez gain, Maite Goñi informatikariaren teknologia aholkua izan dugu gaurko saioan, Zornotzako Barnetegiko e-klubari buruz. EHE Euskal Herrian Euskarazeko Nestor Estebanen hausnarketari ere egin diogu tartea.

Ainhoa Lasa eta Larraitz Madinabeitia Emun aholkularitzako kideek, Gemma Sanginés psikologoarekin batera, hizkuntza ohitura eta portaera asertiboaren inguruko ikerketa egin dute, eta gurean izan ditugu Lasa eta Madinabeitia horretaz hizketan. Horrez gain, larunbatean oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko aldarripean egindako manifestazioa baloratu digu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaok. Gaurko ‘Egin kontu’ gomendioan, berriz, hiztegi proba delakoaz aritu da Maite Goñi.

Euskaraz ikasi, lan egin eta sendatu nahi dutelako eta EHUk zein Osakidetzak euskarari osasungintzan behar besteko garrantziarik ematen ez diela uste izanda, Medikuntza eta Odontologia fakultateetako 112 ikaslek itxialdia egin zuten otsaileko bigarren astaen Leioako campusean. Horren inguruan eta aurrera begirako asmoez hitz egin dugu Asier Genua Medikuntzako Asanbladako kidearekin. Horrez gain, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Maren Belastegiren iritziari tartea egin diogu. Maite Goñik, berriz, HABEk A1 eta A2rako sortu duen BAGOAZ ikasmaterialaren inguruko gomendioa ekarri digu.

EHE Euskal Herrian Euskarazeko kide Aitor Kaltzakorta batu zaie gaur Nekane Zinkunegi esatariari eta EMUN Kooperatibako teknikari Ainhoa Lasari. Eragile horrek otsailaren 7an egindako aktibismo linguistikorako tailerra gaitzat hartuta elkarrizketa egin diote. Horrez gain, Maite Goñi irakaslearen eskutik #AmaHizkuntzan txiotzeko twitterren abiatutako dinamika ezagutu dute.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »