BILAKETAK

Gureaz Blai

RSS-Podcast

aa

Gureaz Blain ohikoak diren hizkuntza egoerak landu ditugu gaurko saioan, tabernara joandako bi bezeroren artekoa, bata; eta aita-semeen arteko elkarrizketa, bestea. Horrez gain, Maite Goñi informatikariaren teknologia aholkua izan dugu gaurko saioan, Korrikak gailu mugikorretarako egindako aplikazioari buruz. EHE Euskal Herrian Euskarazeko kide Nestor Estebanen hausnarketari ere egin diogu tartea.

Urtarrilaren 28an jakin genuen Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota duela Uztaritzeko Udalak euskara ofizial izendatzeko hartutako erabakia. Hori dela eta, udalak ezin izango du euskara frantsesaren hein berean ezarri. Edo ez, behintzat, ofizialki. Epaiak sortzen duen egoeraz, eta euskarak egoera horretan izan ditzakeen aukerez hitz egin dugu Uztaritzeko hizkuntza arduradun If Matxikoterekin. Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaoren iritziari tartea egin diogu. Maite Goñik, berriz, itzultzaile automatikoaren inguruko gomendioa ekarri digu.

Loreak filmak lortu duen arrakastaren harira, bertako aktore protagonistetako bat, Itziar Ituño, elkarrizketatu dugu gaurko saioan. Pelikula horretaz, zinean euskarak duen presentziaz, euskaldun izanik aktore lanetan aritzeaz, eta bere euskalduntze prozesuaz hitz egin digu Ituñok. Horrez gain, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Maren Belastegiren salaketari lekua egin diogu, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariaren esku hartzeari egin dio erreferentzia. Maite Goñik, berriz, esamoldeen inguruko aplikazioak aurkeztu dizkigu.

Gureaz Blain ohikoak diren hizkuntza egoerak landu ditugu gaurko saioan, tabernari eta bezeroaren arteko “ulertezintasunaz”, bata; eta harategi bateko saltzailearen eta eroslearen artean izandakoa, bestea. Horrez gain, Maite Goñi informatikariaren teknologia aholkua izan dugu gaurko saioan, Galdakaoko Udal Euskaltegiaren euskara ikasleentzako guneari buruz. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatiren hausnarketari ere egin diogu tartea.

Oporren bueltan indartuta ekin dio Gureaz Blaik 2015ari. Ohiko estudiotik irten eta Azkoitiko ‘Kontrako Eztarrixe’ irrati librera jo dute Nekane Zinkunegi esatariak eta EMUN Kooperatibako Ainhoa Lasa teknikariak. Bertan, etorri berriei harrera euskaraz egiteak duen garrantziaz hausnartu dute Pello Larrañaga azkoitiarrarekin, eta Senegaldik zein Ganbiatik etorri eta Osintxun bizi diren Salieu Comma eta Babu Ndogekin. Horrez gain, euskararen bueltan urte berrirako zenbait eskaera ere egin dituzte. Iritzien tartean, berriz, EHE Euskal Herrian Euskarazeko Nestor Estebanen ekarpena jaso dute. Amaitzeko, Maite Goñi irakasleake euskal kanten inguruko aplikazioak ekarri ditu Egin Kontu atalera.

Zuria eta beltza ez omen dira kolore: bata kolore gabezia, eta bestea kolore guztien batura. Kontuak kontu, ez-kolore horiek beste koloreak elkartzeko, haiekin saretzeko ahalmena dute. Gogoeta argilun horien inguruan harilkatu dugu gaurko Sartudalapurra, hitzezko oihalean josiz, batetik, Sarek argiztaturiko mobilizazioa; bestetik, biharamuneko iluntasun operazioa; eta azkenik, Alderete-Cano-Muguruza hirukotearen Black is Beltza komikiaren musika.

Uxoa Anduaga soziologoa batu zaie gaur Nekane Zinkunegi esatariari eta EMUN Kooperatibako Ainhoa Lasari Gureaz Blaira. Hiruen artean Anduagaren ‘Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidezko euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia’ tesiaz aritu dira hizketan. Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Paul Bilbaoren iritzia jaso dute; eta, Maite Goñi irakaslearen aldetik Mintzanet egitasmoaren aholkua jaso dute.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Gaztezulok eta hainbat unibertsitatek elkarlanean antolatutako Ika Mizka egitasmoaren azken saiotik irratsaio berezia emititzerik izan ez genuenez, orduan landutako kontuak bildu ditugu gaurko saioan: Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatiren iritzia; Ika Mizkan parte hartutako Leire Martinez eta Maddi Sarasuarekin solasaldia; PuntuEUS Fundazioko Josu Waliñori elkarrizketa; eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Maren Belastegiren iritzia.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »