BILAKETAK

Sartu da Lapurra

RSS-Podcast

aa

Añorgako plazatik dator notizia, sugarra piztu dela bizitzaz bizia. Firestone zena biziberritzen hasi dira dozenaka lagun, kapitalismoaren eskaintza itzulipurdikatu nahian. Horren aitzakian, lapurren gordelekuan gorderiko harribitxi bati hautsa kendu, eta jirabiraka jarri dugu Arcade Fire taldearen The Suburbs diska. Aldirietatik datorrelako eraldaketa, kulturarena omen den hirira.

Bi musikari handiren berri izan dugu oso denbora gutxian, euskal prentsatik atera gabe. Izan ere, Carol Kaye gitarra eta baxu jotzaile apartari buruzko artikulua lapurtu dugu The Balde aldizkaritik; bestalde, Sister Rosetta Tharpe, rock and rollaren amaren berri izan dugu Nagore Irazustabarrenaren eskutik, Argia aldizkarian. Bejondeiela, kazetariei eta musikariei, harribitxi hauek gurera ekartzeagatik.

Egiari zor, fisika kuantikoan bezain jantziak gara nazioarteko gatazka kontuetan. Dena dela, Quantic musikariaren “Magnetica” diskoa jarri, eta haren doinu arinez lagunduta, Kolonbiako gatazkara hurbildu nahi izan dugu, azal-azaletik bada ere. Bide batez, gainetik aipatu dugu “El olvido que seremos” liburu ederra (irudian,​ Nidia Gongora abeslaria).

Sasoi petralak ditugu, bistan da, lehorrekook ez baitakigu zer diren petrelak ere, itsas hegaztiak. Hirurogeita hamarreko hamarkadako mito bat ekarri dugu gaur uhinetara: Julio Villar bidaiari donostiarra, eta haren “Eh, Petrel!” liburua. Zazpi metro luzeko belaontzitxo batean munduari bira eman zion, bakar-bakarrik, nabigatzen jakin gabe. Balentria horretako plazerak eta beldurrak biltzen ditu liburu harribitxi horrek, gaur lapurren gordelekura ekarri dugunak.

Gurdiek bi ardatz dituzte, batetik bestera mugitzeko. Era berean, Django Reinhardten ezker eskuak bi hatz erabiltzen zituen gitarraren jazz doinuak noranahi eramateko. Ijitoen kanpalekuko karabana xumeenetik mundu zabaleko areto dotoreenetara mugitu zuen bere jenialtasuna. Gurekin ibilbide osoa egin ondoren, gaur egin diogu omenaldi xumea lapurren gordelekuan.

Zuria eta beltza ez omen dira kolore: bata kolore gabezia, eta bestea kolore guztien batura. Kontuak kontu, ez-kolore horiek beste koloreak elkartzeko, haiekin saretzeko ahalmena dute. Gogoeta argilun horien inguruan harilkatu dugu gaurko Sartudalapurra, hitzezko oihalean josiz, batetik, Sarek argiztaturiko mobilizazioa; bestetik, biharamuneko iluntasun operazioa; eta azkenik, Alderete-Cano-Muguruza hirukotearen Black is Beltza komikiaren musika.

Antton entzule-lagunaren gomendioz, Sartudalapurra tartean sarrera laburra egin diogu gaur Alamut gotorlekuari, eta “haxixin” delakoei. Hassan i Sabbah buruzagi erlijiosoak gidatuta, bolada luze batean garaitezina izan zen Alamut. Marco Polo bidaiari veneziarrak mendebaldean egin zuen ezagun “mendietako agure” beldurgarri hura, eta ondoren beste askok ere arreta berezia eman diote “ezer ez da egia, dena da zilegi” pentsaera zabaldu zuenari: Friedrich Nietzsche, Hakim Bey, William S. Burroughs, eta abar. Bideo-jokoetan (Assassin’s Creed, Prince of Persia) eta hip-hop kulturan ere izan du eragina.

1960an, Dominikar Errepublikan, Mirabal ahizpak bahitu, torturatu eta hil egin zituzten militarrek, Trujillo diktadorearen aginduz. 1999tik hona, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko eguna da gaurkoa, azaroaren 25a. Ospatzeko baino gehiago, gogoetarako eguna. Ezetz esatekoa: maitasuna ez dela jabetza, ezta morrontza ere; ez direla gauza bera indarra eta indarkeria. Arazoa ukatu ordez, arazoaren parte garela onartzeko; hala, soluzioaren parte ere bihurtzen garelako.

« Aurreko berriak :: Hurrengo orrialdea »