BILAKETAK

Karelean

RSS-Podcast

aa

Mikel Arrizabalagak gaurkoan Orio eta Zarautz artean erraz egiteko ibilbidea proposatu digu. Izenburuan ageri den bezala, bidean Malla Harria edo Mollarrira joango gara. XX. mendeko lehen urteetan Andazarratetik aireko tranbiaren bidez burdin mineralez betetako bagoiak itsas ertzera iristen ziren, itsasontzietan kargatu eta Europara eramateko. Ondare hori ezagutzeaz gain, Iñurritzako biotopo babestura joango gara. Bederatzi kilometro eskaseko ibilbide honetan Arrizabalagak nabarmendu duenez, kostaldeko ezaugarri nagusienetatik ikusiko ditugu: Itsaslabarrak, padurak eta dunak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente Ainhoa Intxaurrandietarekin izan gara. Atzo kontsortzioko batzarra izan zen eta kargu berriak izendatu ziren, baina Intxaurrandietak oraindik presidentea da, entitate publikoko karguak berritu arte. Nazioartean erakunde guztiek txalotu duten Gipuzkoako hondakinen kudeaketa arriskuan dagoela ohartarazi du Intxaurrandietak. Errauskailua egin eta Europako zuzentarauen aurka egingo dutela PNV eta PSEk adierazi du, betiere interes partikularren mesedetan. Ulergaitza egiten zaio esaterako, PSOEk beste erkidegoetan errauskailua baztertu, eta gurean mediatikoki eta politikoki hondakinekin egin den erabilera. Guztiaren gainetik, gauzak ongi egin direnaren sentsazioa du Intxaurrandietak.

mazedonia2Gaur immigrazioaz mintzatu gara Martin Mendizabalekin. Azken egunotako albisteen errepasoa egiteaz gain, etorkinak Europara iristeko bide nagusiak ikusi ditugu. Honez gain, asilo eskaeren inguruan ere hitz egin dugu baita Europar Batasunak immigrazioaren gaian daukan erantzunkizunaz.

Instrumentu asko jo, eta horiek jotzen erakusten du Juan Mari Beltranek. Musikaria da, eta herri musika du pasio. Herri musika tradizioarekin, herriarekin lotzen da, baina Beltranen aburuz “herri musika zerbait bada, aldaketa da”. Kontu asko izan ditugu hizpide, besteak beste Izturitzeko harpeetan aurkitutako duela 30 mila urteko txirula, erreplika du Beltranek eta zuzenean jo digu.

Espetxeetako egunerokoari buruz Pakito Lujanbiorekin izan gara. 29 urte egin zituen espetxean, eta noski, urte haiek oso presente ditu. Lujanbiok espetxeetan azken hamarkadetan izandako aldaketak aipatu ditu, preso politikoak batera egotetik, talde txikiagotan hurrunago sakabanatzeraino. Elikadura aldetik antzekoa, “zaporerik gabeko janaria modu errepikakorrean” Lujanbioren esanetan. Baina gose greben ondoren, jakiek bestelako zaporea zutela nabarmendu du. Egurra lantzen zuen batez ere espetxean, eta eskulanak egin ondoren “nola egin dugu guk hau esaten genion gure buruari, genituen tresnak ikusita”. Amaitzeko Lujanbiok presoak ezin ditugula ahaztu, etxera ekarri behar ditugula presioa eginez azpimarratu du.

Bilboko Aste Nagusian, Kaskaeguna izan zuten atzo Kaskagorri konpartsan, eta gaur Gazte Eguna antolatu du Ernaik. Atzo Zopilotes Txirriaus taldearen kontzertuan giro paregabea izan zela kontatu digu Mikel Ruiz konpartsakideak eta gaur Gazte Egunaren baitan, kontzertuak baino lehenago bazkaria izango dute. Muntai lanetan hasi eta gaur arte nekea goruntz doala aitortu du Ruizek, baina lo gutxi eginagatik ere, jaietaz disfrutatzen dute.

Algara konpartsako Aintzane Buruagak adierazi digunez, Bilboko Aste Nagusiaren baitan gaur euskara ikasleen eguna da. Hitzordu nagusia ikasleen paella egitea eta ondoren horiekin egingo duten bazkaria. Buruagak nabarmendu du klaseetatik haratago ludikotasuna euskaraz egitea posible dela ohartu behar dutela. Bestelakoan, txandak eta betebeharrak kontuan hartuta konpartsakideek egunaz eta gauaz gozatzen dakitela goraipatu du Algarako kideak.

Azken egunetan Turkiako gobernuak Kurduen kontra abiatu duen ofentsibaz galdetu diogu berriki Euskal Herrira itzuli den Irantzu Pastor brigadistari. Itzuli zirenean errepresioa handitzen ari zela ohartu ziren, eta egun Erdoganen interesen baitan Kurduen kontrako jazarpena igo dela salatu du Pastorrek. “Turkiak nazioartean bake prozesuarekiko aurpegi bat mantendu du, baina benetazko jarrera azaleratu da” ohartarazi du brigadistak. Turkiako gobernuak HDP, kurduen alderdia ahuldu nahi duela datorren hauteskundeetan eta beraz jazarpena areagotuko dela uste du Pastorrek.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »