BILAKETAK

Karelean

RSS-Podcast

aa

Lou Topet laukote zarauztarrak bigarren lana grabatzen dihardu, eta gurean gaur bi taldekide: Oier Aranzabal eta Oihan Larrañaga. “Abesti bat gutxiago” da bigarren diskoa, hamar bertsioz osatuta, baina diskoak liburua izango du alboan. Oraingoan, Harkaitz Canok ingelerazko bertsioak hartu eta euskararen propietatetara ekarri ditu. Bertsioak badira ere, Lou Topetek bere estilo eta ukituarekin abesti berri bilakatu ditu. Crowfoundingarekin lortutako diskoa urria aldera aurkeztuko dute, eta ondoren noski Euskal Herrian entzuteko aukera izango da.

Gure ikusentzunezkoen adituak, hitz “frikien” atalean “binge watching” ekarri digu. Telesailen atalak bata bestearen atzetik ikusiz, gaupasak eginez, jan eta edan pantailaren aurrean egitea da “binge watching”. Bestetik, “Show Me a Hero” telesaila nabarmen du, kritika oso onak jaso dituen telesaila. Halaber, “This is England” filmaren soinu banda goraipatu du Gaizkak, Ingalaterrako skinhead mugimenduaren inguruko filma. Donostiako zinemaldiaren aste honetako azken berriak aipatzearekin batera, gaur zineetan estreinatuko diren pelikulen sinopsiak egin dizkigu.

Plentzian, Bizkaiko kostaldean, urpeko upategi bat dago. Crusoe Treasure du izena. Basklinkeko Leire Agirrezabalak upategi kurioso honen xehetasunak eman dizkigu. Kosta egiten da hori zer den imaginatzea, eta kuriositatea asetzea erabaki dugu. Ohartu dira seigaren hilabetetik aurrera ardoak itsasoaren mugimenduarekin ezaugarririk onenak azaleratzen dituela. Gaur egun, Errioxa eta Duero izendapena duten ardoak dituzte urpean.

Bihar goizean Zarautzen jokatuko da Emakumezkoen V. Euskal Herriko Futbol Kopa. Oraingoan ere Athletic eta Erreala izango dira aurrez aurre. Hala eta guztiz ere emakumezkoen futbolean urtetik urtera lehiakortasunak gora egiten duela goraipatu du Euskal Herria Kirolako Kike Zurutuzak. Horren adibide, finalaurrekoetan Oiartzun eta Aurrera Vitoriak eman duten maila. 2009an sortu zen EHK eta sorrerako helburuei jarraiki sortu zuten Kopa, zazpi lurraldeak aintzat hartuko dituen kirol eremua bultzatu eta emakumeen kirola sustatzeko asmoarekin.

Aitor Fernandez eta Aingeru Cardaño bilbotarrak hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Duela 14 urteko gertakari batzuengatik espetxeratze agindua eman du epaitegiak. Baina ez dute epaia onartzen, kontraesanak daudela ohartarazi digu Aingeru Cardañok eta desobedientziarako hautua egin dutela. Atxilotu zituztenean Ertzaintzaren Arkautiko komisaldegian torturapean eginiko deklarazioetan oinarritu dela epaia salatu du, eta Euskal Herritarren pairatzen duten jazarpen eta errepresioaren baitan kokatu du sententzia Cardañok: “beste kasu askoren artean, gurea beste bat da. Ez da xamurra espetxera berriz itzultzea, baina egoera orokor batean kokatu behar da”. Animotsu eta gogotsu daudela biak esan digu.

Gerra Txikia, 2014ean kaleratu zuen Lander Garrok. Eleberriko protagonista Xabi Ugarte da. Aita errefuxiatua denez, Hendaiara joango da bizitzera familia osoa. GAL garaia da, zelatan daude mertzenarioak, eta laster gertatuko dira atentatuak, hilketak, atxiloketak, deportazioak… Haur izatearen xalotasunak, ordea, munduari begiratzeko aldarte berezia ematen dio Xabi txikiari, eta une zailenetan ere beti saiatzen da atsegin edo probetxuren bat topatzen. Begirada berezitik idatzi du Garrok eleberria, begi txiki, eta propiotik.

Europak esnea ekoizteko kuotak bertan behera utzi ditu eta lehendik ere gaizki zegoen sektorearen egoera okertu du. Gurean EHNEko Garikoitz Nazabalek ohartarazi du “sektoreak bizirik mantentzea nahi badugu, erakundeek zerbait, eta azkar egin beharko dute. Borondate politikoa behar da horretarako”. Merkatu libreak erabat zapaltzen ditu esne ekoizleak, produzitze gastuak ordaintzen diotena baino gehiago kostatzen duelarik. “Ez badira berehalako neurriak hartzen, sektorea desagertuko da eta horrekin batera ehunka familien mantenua, zeharkako lanpostuak, ingurumenaren zaintza, herrietako bizitza…” azpimarratu du Nazabalek. Politika propioak egiten eta herri eraikuntzan hasi behar dugula aldarrikatu du EHNEko kideak.

View on KL.JPGModu asko dauee bidaiatzeko. Bidaiatu daiteke bertara joanez, baina baita irrati bidez ere. Oraingo honetan Asiako herrialde honetara garamatza Erik Aznalek. Kontraesan askoko herria da, kalean eraikin eta bizitza modernoa, txiroen errealitatearekin egiten du talka. Kultur eta erlijio asko daude Malaisian, baina elkarbizitza ona da. Gidatzeko duten modu zoroan edota kostaldeko hondartzez gehiago jakin nahi? ba entzun!

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »