BILAKETAK

Udako Elkarrizketak

RSS-Podcast

aa

Beste urtebetez Tourra Pirinioetan dela baliatuz, ESAITek 14. aldarrikapen martxan egin du Saint Gaudensen hasi eta Saint Lary pla d´Adeten amaitu dena. “Aukera paregabea da giro onean euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko” aitortu du Martxel Toledok. Atzokoan gendarmeek karpan alkoholdun edariak saltzea debekatu ziela kontatu digu. Halaber, beste urteetan baino jende gutxiago dagoela eta, zer hausnartu badela uste du Toledok.

Baionako gazte asanbladako kide Ieltxu Ostolazak guztia prest dutela bestetan murgiltzeko adierazi du. Lapurdiko hiriburuko ereduari aurre egin eta besta eremu herrikoi, euskaldun eta parekidea martxan jarriko dute beste behin. Antolatu dituzten ekitaldien berri eman digu.

Bateragune auziko abokatuak salatu du epaia ez dietela helarazi, eta beste behin medioen bidez jakin dutela dakitenaren apurra. “Narvaez epaileak hiru ordutan helegitea aztertu, iritzia eman eta arrazonamendu juridikoak eman ditu. Aurretik jakinaren gainean ez bazegoen, hori ezinezkoa da” ohartarazi du abokatuak. Justizia trantsizionala aldarrikatu du Goirizelaiak. Hurrengo urratsa Estrasburgon helegitea jartzea izango dela kontatu digu. “Zigortuek animo eta aurrera! esan didate” esan du Goirizelaiak atzo Arnaldorekin hitz egin ondoren.

Abuztuaren 13tik 15era antolatu dute Ikasle Abertzaleek Eskola Ibiltaria ekimenaren 12. edizioa. Ziburun hasi eta Donostian amaituko da, jaia eta formakuntza uztartuz. Bi gau Hendaian eta Lezon igaroko dituzte. “Gaur egungo hezkuntza ereduarekin apurtu eta kalea hartuz mugarik gabeko eskola eraikiko dugu egun horietan” adierazi du Antxon Rodriguezek.

Migel Angel Llamas “Pitu” euskal preso politiko ohiak Valdemorroko espetxean egon zenean, egunerokoa apurtzeko baliabide gutxirekin egiten zituzten errezetak zein ziren kontatu dizkigu. Jakiak aitzakiatzat hartuta, presondegi honetako egunerokoaz eta bizi baldintzetaz jardun du Pituk.

Baiona eta Eibar atzean utzi, eta Iruñean kokatu dira UEUren ikastaroak. Hainbaten artean, Sendabelarrak eta etnobotanika Euskal Herrian: jakituria tradizionaletik pentsamendu zientifikora ikastaroa. Biologian lizentziatua den Aitziber Zufiaurre da irakasleetako bat, eta ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigu. Jakituria tradizional horretatik abiatuta, gure inguruko baso eta baserri eremuetan ohikoak diren sendabelarrak identifikatzen ikasten dihardute. Halaber, osasungintzari buruzko hausnarketa orokorra egiten ari dira.

Ez da berria osasun etxeetan mediku erdaldunak daudela. Herria euskalduna hala erdalduna izan, gaixoa medikuarena joatean maiz urratzen dira erabiltzailearen hizkuntz eskubideak. Kasu horietako bat Tolosa. Iñaki Azaldegi Tolosako udaleko euskara zerbitzuburuaren arabera, ” nahiz eta legeak euskaldunak izan behar dutela esan, bajak betetzerakoan erdaldunak jarri dituzte”. Hori horrela bide ezberdinak abiatu dituzte, eta egoera ez bada aldatzen, antolatu egingo dira Tolosan.

Gaixorik espetxean dauden euskal preso politikoen egoera muturrekoa da. Horietako bat Ibon Iparragirre ondarrutarraren kasua. Gotzon Iparragirrek, Ibonen anaiak nabarmendu digunez, “martxoaren 7an espetxeratu zutenetik 9 kilo galdu ditu eta defentsak oso baxu ditu”. Mendekuaren egarria nabarmendu du Gotzonek, ” etxean preso zegoen Ibon, eta atxilotu egin zuten”. Espetxean beharrezko duen elikadura, botika zehatzak eta osagarri bitaminikoak ez dizkiote behar bezala ematen Gotzonek ohartarazi duenez. Iparra galdu baik plataformak martxan duen mobilizazio dinamikaren eta herri presioaren garrantzia nabarmendu du Gotzon Iparragirrek.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »