BILAKETAK

Obabako testiguak

RSS-Podcast

aa

Gaurko saioaren zatirik handiena Albert Camus idazleari eskainiko diogu. Orain hilabete gutxi batzuk ospatu zen bere jaiotzaren mendeurrena, eta berandu samar izanagatik, aitzakia hori baliatuko dugu berari buruz hitz egiteko. Horrez gain, Iraitz Ugaldek liburu komentarioa egingo digu, eta gurekin izango ditugu ITU bandako kideak ere, ohi duten moduan azken 15 minutuetan nahi duten guztia esateko. On egin!

Mari Luz Esteban idazle eta antropologoarekin izan gara oraingoan, eta bere estreinako poema liburuaz aritu gara ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ izenekoaz. Aldez aurretik, Peter Ostolazak ‘Gabon’ opa dizue, ordea. Ondoren, Jon Iraolak liburu komentarioa egin digu, klasiko batena, oraingoan: Alexandre Dumasen ‘Montecristoko Kondea’. Etorri da Lander Arretxea hilero legez, besapean erreporataje bat duela. Midcult literatura izan du hizpide oraingoan, Iban Zalduari egindako elkarrizketa oinarri hartuta. Saioaren hondarrean, ITU bandakoek Arkaitz Belloni eskainitako hainbat testuren irakurketa egin dute. On egin!”

Euskal itzulpengintzako kontu batzuei helduko diegu gaurkoan. Ikusiko dugu zer nolako aferak gertatzen diren euskal literatura atzerrira itzultzen denean, eta baita atzerriko literatura euskarara ekartzean ere. Horrez gain, Elearazi atariko Danele Sarriugartek bi autore plazaratuko dizkigu (Chus Pato eta Maria Aurelia Capmany), Iraitz Ugaldek liburu komentarioa egingo digu, eta saioaren hondarrean, ohi legez, ITU bandakoei emango dizkiegu azken 15 minutuak. Maria Jose kerejetaren ‘Ezezagun baten koadernoa’ (1988) poema liburuko ale batzuk ekarriko dizkigute gaur. On egin!

“Xabier Montoiaren ‘Azken afaria’ eleberria izango dugu hizketagai gaurko saioan, batez ere. Egilearekin izandako elkarrizketa entzun ahal izango duzue, eta Jon Iraolaren liburu komentarioa ere liburu horri buruzkoa izango da. Horrez gain, Lander Arretxeak hilero bezala erreportajea osatuko digu, aipuei buruzkoa gaurkoan. Amaieran, ohi moduan, ITU bandakoei utziko dizkiegu hamabost bat minutu. Gaur, Ituren burkideak idatzitako istorio bat entzungo dugu beren ahotik.
On egin!”

“Literaturaren historian, obra askotan aipatu izan dira drogak. Aldi berean, idazleek askotan jo dute drogak erabiltzera. Gaurko irratsaioan saiatuko gara drogak eta literaturak historian zehar izandako harremana landuz, autore eta obra nagusien errepaso orokor bat egiten. Horrez gain, Elearazi atariko Garazi Arrulak Alki Zei idazlearen berri emango digu, Iraitz Ugaldek ‘Habiak’ komikiaren komentarioa egingo digu eta, saioaren hondarrean, heriotzarekin lotutako testuak irakurriko dituzte ITU bandakoek. On dagizuela!”

“Arrate Mardaras idazle abadiñoarrarekin aritu gara bere opera primaz, ‘Pendrive’ deitu dion ipuin liburu ezohikoaz. Horrez gain, erreportajea osatu digu Lander Arretxeak twitteraturaz, Jon Iraolak Rafael Chirbesen ‘En la orilla’ liburuaren komentarioa egin digu, eta saioan hondarrean, ITU bandakoak izan ditugu gurean, idazle gazte bat elkarrizketatuz, besteak beste.

Obabako Testiguak 20. saiora ailegatu gara! On egin dagizuela honek ere!”

“Gaur osteguna da eta Obabako Testiguok Durangoko azokan gaude. Nola da posible, galdetuko duzue, nola da posible gaur abenduak 12, osteguna, Obabako Testiguak Durangoko azokan izatea? Ba guk ere ez dakigu, baina hemen gaude, eta ez bakarrik. Mahaiaren bueltan dugu Obabako Testiguon kolaboratzaile mordoa: Elearazi atariko Danele Sarriugarte eta Garazi Arrula, Lander Arretxea, Iraitz Ugalde eta ITU bandakoak. Garazi Arrulak iritzi zutabea irakurriko digu, Durangoko azokak euskal kulturan duen eraginaz, Iraitz Ugaldek gustuko liburuetako testu hautatuen irakurketa osatuko digu, eta saioaren hondarrean, ITU bandakoek beren fanzinearen hirugarren alearen lagin bat aireratuko dute. Horrez gain, Durangon harrapatu ditugun idazle eta kazetari batzuei galdera aski serioak egingo dizkiegu. Gure artetik igaroko dira Beñat Sarasola, Igor Susaeta, Juan Luis Zabala, Iñigo Astiz eta Garazi Goia. Atsedenik ez literaturarik gabe. On egin!”

Azaroa da, azaroa izatea merezi du, eta gaurkoan azaroarekin lotura estua duen eleberri ezagun bat izan dugu saioaren ardatz: Truman Capoteren ‘Odol hotzean’. 1959ko azaroaren 15ean, Kansas estatuko Holcomb herrixkan Cluttertarren familia nola hil zuten azaltzen du eleberriak. Nobela beltzaren eta erreportajearen arteko nahasketa gisa sailkatu daiteke, Capotek berak ‘non-fiction novel’ gisara bataiatu zuen. Kontu gehiago ere izango ditugu gurean, ordea. Elearazi atariko Danele Sarriugarte eta Garazi Arrulak bi autore plazaratuko dizkigute: Clarice Lispector eta Paula Meehan. Iraitz Ugaldek ‘Aiztoa eta arkatza’ (Irati Jimenez) eta ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ (Iban Zaldua) liburuen komentarioa egingo digu, eta saioaren hondarrean, ITU bandakoek subjektibitate iraultzailearekin lotutako testuak irakurriko dizkigute.

« Aurreko orrialdea« Aurreko berriak :: Ondorengoak »Hurrengo orrialdea »